Prest dago, dagoeneko, herri lurren aprobetxamendurako ordenantzaren zirriborroa. Udaleko ordezkariek jakitera eman dutenez, ordenantza berritzeko hiru lan saio egin dira azken hilabeteetan. Diotenez, parte hartze prozesu honetan «erantzuna ona izan da, «bataz beste hogeita hamar lagunek parte hartu baitute saio hauetan».
Bide horretan, ordenantza berritzeko honako gai hauek azaldu zituzten Udal kideek, beste zenbait herritako ereduak adibide gisa hartuta: herritar bakar batek erabiltzeko lur eremu itxiak, auzolana, mendietako batzordeak, PACerako hektareak banatzeko irizpideak eta, azkenik, tasak. Horren ondoren, parte-hartzaileek beraien ekarpenak egin zituzten taldeka banatuta.
Hori guztia ikusgai dago Udalaren webgunean: www.goizueta.eus. Zehazki, Ordenantza berriaren proposamena. Herri lurren aprobetxamendua izeneko dokumentuan aurkeztu dute zirriborroa. Modu argian eta zehatzean azaldu dituzte gai guztiak, puntuz puntu. Horretan adierazten da, esaterako, PACerako esleitutako 10 hektareako auzolan egun bat egin beharko dela, edota egitasmoen barruan, baserrietako bideetan babesteko hesiak jarriko direla gune arriskutsuenetan (535 metro gutxi gora behera).
Ekarpenak egiteko epea, abuztuaren 22tik
Txostena aztertuta, ekarpenak egiteko epea zabalduko dute abuztuaren 22an, eta irailaren 16ra arte egongo da irekita. Proposamenari buruz ekarpenak egin nahi izanez gero, idatzi mezua udala@goizueta.eus helbide elektronikora. Ostean, prozesu parte hartzailean erabili dituzten aurkezpenak eskuragarri jarriko dituzte «edozein herritarrek eskuratu ahal izateko».