'Medikuaren Etxean' etxebizitzak egiteko prozesua, martxan

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 24a, 00:00

Ez da inolako zerbitzu publikorik ematen gaur egun, 'Medikuaren etxean'.

Goizuetako Udalak eraikinaren kalifikazio juridikoa aldatzea onartu du, bertan bi etxebizitza libre eraiki ahal izateko.

Goizuetako Udala, Fermin Antonio Apezetxea kaleko 2.zenbakian dagoen Goizuetako 4.poligonoko 148.partzelaren jabea da, «urte askotan medikuaren kontsultegira eta udalerriko medikuarentzako etxebizitzara bideratu dena» gehitu du Udalak. Hala ere, gaur egun, medikuaren kontsulta (osasun etxea) udaletxearen beheko solairuan kokatuta dago. Beraz, 4. poligonoko 148.partzelako eraikinean, ez da inolako erabilera edo zerbitzu publikorik emateko erabiltzen, eta Udalak aditzera eman du ez duela aurreikusten Udalaren helburuak betetzeko beharrezkoa denik. Ondorioz, jabeko publikoko ondasun bat da, «zerbitzu publiko bati atxikia, hain zuzen ere, nahiz eta ez jakin Udalaren Ondasun Inbentarioan hala agertzen den ala ez».  

Beraz, Goizetako Udalaren helburuak betetzeko etorkizunean haren beharrik ez dagoenez, eta jabeko publikoko ondasun gisa kalifikatzea justifikatzen zuen funtzioa bertan behera utzi denez, Goizuetako Udalak aipatutako hiri-partzela transferitu nahi du, familia bakarreko bi etxebizitza libre eraikitzearen baldintzapean: «horretarako beharrezkoa da kalifikazio juridikoa aldatzea, jabeko publikoko ondasunaren kalifikaziotik ondare ondasunaren kalifikaziora». 

Udal arkitekto aholkulariak medikuaren etxe zaharraren balorazio-txostena egin zuen martxoaren 9an, eta ondoren beste bat, martxoaren 18. Eraikinean egin daitekeen etxebizitza motaren arabera, eraikina besterentzeko eta salmentarako aukeren egokitasunari buruzko txostena. Eta Goizuetako Udaleko idazkariak txosten juridikoa eginik, Udalbatzak, aho batez, eta beraz, kideek legezko kopuruaren gehiengo absolutua beteta, honakoa erabaki du: hasiera batez onartzea Goizuetako Fermin Antonio Apezetxea kaleko 2.zenbakiak dagoen ondasun higiezinaren kalifikazio juridikoa aldatzea Goizuetako 4. poligonoko 148. hiri partzela (Medikuaren Etxea eraikina), eta ondare-ondasun gisa kalifikatzea, eta familia bakarreko bi etxebizitza libre eraikitzeko; espedientea jendaurrean jartzea hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita, herritarrek eta interesdunek egoki iritzitako alegazioak egin ditzaten; eta azkenik, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuko organo eskudunaren txostena eskatzea, desafekzioaren egokitasunari buruz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!