Ligatze jatorra

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 22a, 00:00

Ohiko bikotearekin, lagun berriekin, ezezagunekin... ligatzea arte bat da. Sedukzioak bai errespetua baita ausardia ere eskatzen ditu. Orduan eta ausarditsuagoa izan gure jokabidea, orduan eta errespetu dosi handiago eskatuko du egoerak

Nola ligatzen dut nik? Ligatzeko orduan hurbiltzeko hartzen dut iniziatiba ala besteak etor daitezen egiten dut gehienetan? Edozein dela kasua,
sedukzioa ez da pasiboa eta norbere ezaugarri, balio, teknika eta dohaiak jartzen ditugu martxan.

Ligatze ez jatorrarekin oso ohituak gaudela esango genuke: harrotasuna, ondokoa instrumentalizatzea, demostrazioetan erortzea, enpatiarik
gabe, modu estereotipatuan hurbiltzea, inbadituz, presionatuz, pribatutasuna errespetatu gabe, eta sarri norbere benetako eta ondokoaren desioak kontutan hartu gabe.

Nola da jator ligatzea?
Komunikazio errespetuzkoa izaten da eta norbere beharrei eta desioei erreferentzia egiten die. Besteari entzun, ezagutu eta bere lekuan jarriz, ulertzen
saiatzen gara. Ez dugu konpetizio moduan planteatzen ezta, garaikurra lortzeko ehiza moduan ere. Elkartasuna, konplizitatea eta hurbiltasun
emozionala bilatzen ditugu, bestearen esentziatik gertu sentitzeko eta hark gure bertsio on eta autentikoarekin ere konektatu ahal izateko.

Ez dugu besteen aurrean ezer erakutsi beharrik. Gure motibazioa pertsonala da, ez dugu besteen txaloa espero. Eta hortaz, norbere balioak
mantendu, desioak onartu eta bideratzen ditugu. Jarrera irekia dugu, aurreiritzirik gabekoa, ezagutzeko prest. Ez dago ikuspegi sexistarik. Ez dugu espero neska, mutil, gizon edo emakume izateagatik, modu batera edo bestera sentitu, jokatu edo desiratu behar duenik. Gero, gure gustukoa izango da ala ez, gu hark begiz joko gaitu ala ez. Behar bada, puntu batetaraino iritsiko da kontaktua eta ondoren aurrera jarraitzeko asmorik ez da egongo. Edo
iritziz aldatu dezakegu eta ondokoak ere atzera pauso bat eman dezake. Eta hori egiteko askatasuna eta autonomia lehenetsiko ditugu.

Bestearekin ematen diren topaketa fisikoak, harremanaren natura (bikote, lagun, maitale...) eta abarri buruzko informazioa partekatzeko orduan,
adostu egiten ditugu: noiz, norekin, nola... (lagunak, sare sozialak, espazio publikoak...). Eta orokorrean, sedukzio akzioa sanoa izan da, egokia
eta dibertigarria. Errespetu eta ausardi mailak orekatu ditugu eta testuinguru apurtu gabe gertatu da. 

Hernaniko PLAX! Sexu eta bikote aholkularitza zerbitzua doakoa eta konfidentziala da.

Hitzordua egiteko: 656 544 606
hernani.eus/sexu
@Parremanitz
@PlaxArremanitz

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!