Bi urteko etenaldiaren ondoren, Karmen bezperako festa ospatuko dute berriro Goizuetan, gaur iluntzean. Umore Ona elkarteak antolatuta 20:30etan elkartuko dira Plazan, afari herrikoia egiteko, norberak eramandakoarekin. Bertan izanen dira ardoa eta sagardoa, nahi dutenentzat; eta baita mahaiak eta aulkiak ere. Ondoren, 21:30etan, sua piztuko dute, Plazaren erdian. Festaren aurretik, eraso sexistei aurre egiteko protokoloaren aurkezpena eginen dute Goizuetako Udalak eta LAGA Gizarte Zerbitzuek, gaur bertan. Udaletxeko ganbaran izanen da, 17:00etatik 19:00etara, eta herritar guztiei luzatu diete bertaratzeko gonbitea.