Bi urteko etenaldia izan du Karmen bezperako ohiturak, Goizuetan; baina ez du hutsik egingo aurten. Bihar ospatuko dute festa, iluntzean, Plazan elkartuta. Umore Ona elkarteak antolatu du, eta iluntzeko 20:30etan jarri du hitzordua, afari herrikoia egiteko. Norberak eramandakoarekin afalduko dute, elkarrekin, eta bertan izanen dira edariak, ardoa eta sagardoa aukeran, nahi duten guztientzat; baita mahaiak eta aulkiak ere.
Sua ere ez da faltako, noski, Karmen bezperako festan. Afaria hasi eta ordubetera piztuko dute, iluntzeko 21:30etan, Plazan bertan. Haren gainetik salto eta inguruan dantza egingo dute haur eta gazteek.
Joan den urtean, azkeneko momentuan geratu zen Karmen bezperako festa bertan behera, pandemiaren egoeragatik. Beraz, gogoberrituta ospatuko dute bihar, duela 12 urte berreskuratu zuten festa. Ohitura duten bezala, arbiaren zuztarrak erreko dituzte, duela 50 bat urtera arte Goizuetako baserri eta etxe gehienen atarietan egiten zuten bezala, ereiteko haziak kendu ondoren. Zuztar haiekin batera, erretzen zuten urte hartan bertan bedeinkatutako erramu bat ere.