Zazpi txapel jantzi dituzte Urumea bailarako esku pilotariek, Umore Ona Txapelketako finaletan

Kronika - Erredakzioa 2022ko ekainaren 19a

Ostiraleko finaletako esku pilotari guztiak, trofeoak eta txapelak jasota.

Sei goizuetar eta astigartar bat izan ziren txapeldun, espero baino final desorekatuagoetan.

Ostiralean jokatu zituzten Umore Ona Txapelketako finalak, bost kategoriatan; eta 10 txapeletatik zazpi geratu ziren Urumea bailaran: sei goizuetar eta astigartar bat izan ziren garaile.

Sein mailan, Jon Larin eta Luken Elizegi goizuetarrak 18-3 nagusitu ziren, Mañel Seges eta Beñat Narbarte herrikideen kontra. Kimuetan, Eñaut Aranberri eta Axel Salaberria goizuetarrak izan ziren txapeldun, Alize Sagardui herrikideari eta Larraungo Lekuonari irabazita (18-8). Haurretan, Joseba Arretxe eta Oinatz Gaskon hernaniarrek ezin izan zuten, Aurrerako Martinezen eta Alkortaren kontra (18-3). Kadeteetan lortu zuen txapela Xuban Goñi astigartarrak, Larraungo Sotilekin, Añorgako Arruti eta Gaztelekuko Segurola menderatuta (22-6). Eta nagusietan, garaipen ederra lortu zuten Beñat Apezetxea eta Antton Apezetxea goizuetarrek, Aurrerako Txoperena eta Epleko Odriozola menderatuta (22-14).

Final horien aurretik, ostegunean, nesken lagunarteko finala ere jokatu zuten: Ainhoa Zabaletak eta Maria Eskuderok irabazi zuten, Irati Arozenaren eta Mayi Zelarainen kontra (22-10).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!