Gaur eta bihar jokatuko dituzte Umore Ona Txapelketaren final haundiak, Goizuetan. Sei partidu izanen dira guztira, kategoria bakoitzeko bi bikote onenekin. Horietatik, bakarra jokatuko dute gaur: nesken lagunarteko finala. Herriko lau pilotari aritu dira txapelketan, astez aste bikoteak aldatuz; eta lortutako emaitzen arabera osatu dituzte finaleko bikoteak: Ainhoa Zabaleta eta Maria Eskudero ariko dira, batetik; eta Irati Arozena eta Mayi Zelarain, bestetik. Arratsaldeko 19:00etan hasiko dute partidua.
Beste bost finalak, berriz, bihar izanen dira, 17:00etan hasita; eta bailarako 12 esku pilotari ariko dira horietan. Sein mailakoa jokatuko dute aurrena, eta bailarako bi bikote izanen dira aurrez aurre: Jon Larin eta Luken Elizegi goizuetarrak, eta Mañel Seges aranoarra eta Beñat Narbarte goizuetarra. Kimu mailakoa izanen da hurrengoa, hiru goizuetar tartean direla: Eñaut Aranberrik eta Axel Salaberriak, aurrez aurre izanen dute Alize Sagardui, Larraungo Lekuona bikotekide duela. Haurretan, berriz, Joseba Arretxe eta Oinatz Gaskon hernaniarrek jokatuko dute, Aurrerako Martinezen eta Alkortaren kontra. Astigartar bat ariko da kadeteetan, Xuban Goñi, Larraungo Sotilekin bikotea osatuta, Añorgako Arrutiren eta Gaztelekuko Segurolaren kontra. Eta azkenik, nagusietan, bi goizuetar saiatuko dira txapela janzten, elkarrekin: Beñat Apezetxeak eta Antton Apezetxeak jokatuko dute finala, Aurrerako Txoperenaren eta Epleko Odriozolaren kontra.
Matrikulazio epea zabalik, datorren denboraldirako
Bestalde, matrikulazio epea zabaldu du Umore Ona Pilota Elkarteak, datorren denboraldirako. 5 urtetik gorako neska-mutil guztientzat zabaldu dute deialdia, eskuz zein palaz aritzeko; eta ekainaren 27a da izena emateko azkeneko eguna: umoreonapilotaelkartea@hotmail.com helbidera idatzita, edo komisioko edozeini esanda (Igor, Lourdes, Leire edo Axier).