Plazaola Partzuergo Turistikoan, Goizuetako Udala

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 26a, 00:00

Plazaola Partzuergoak harreman estua izan du Mendialdea eskualdeko udalekin azken lau urteetan, eta orain Goizuetak hartuko du parte. 

Plazaolako Turismo Partzuergoko Batzar Nagusiak berretsi egin zuen maiatzaren 12a Administrazio Kontseiluak apirilean hartutako erabakia, Goizuetako Udalak erakunde turistikoan sartzeko eskatu zuenean. Modu honetan, Areso, Araitz, Arakil, Imotz, Irurtzun, Larraun, Leitza eta Lekunberriko udalekin batera, partzuergoko kide izango da hemendik aurrera Goizuetakoa ere.

Goizuetako Udalak aditzera eman du, Plazaola Partzuergoak harreman estua izan duela Mendialdea eskualdeko udalekin azken lau urteetan, «eta, bereziki, 2021ean, non bertako udal guztiei irekitako parte-hartze prozesua bultzatu baitzen, hurrengo urteetarako estrategia turistikoa zehazteko. 2019an Araizko eta Irurtzungo udalak sartu ziren partzuergoan eta, orain, 2022an Goizuetak egin du». 

Partzuergoa apustu garrantzitsua egiten ari da erakundea indartzeko, eta, horrekin batera, turismo-helmuga indartzeko ere, baliabide berriak eta eskaintza turistikoari erakargarriak gehituz. Goizueta natur balio apartekoa duen lurraldea da (Artikutzako basoak, mendi gailur ezagunak, hala nola Loitzate edo Mandoegi, Urumea ibaiaren ertzak, etab.). Eskaintza honi, bertako kulturaren eta ondarearen beste elementu batzuk gehitzen zaizkio, besteak beste, tradizio pilotazalea, inauteriak, ibilbide megalitikoak, tokiko-arkitektura, euskara, etab. «Balio horiek guztiek erakargarritasun handia dute bisitarien artean, eta, zalantzarik gabe, Plazaolaren lurralde osoko eskaintza turistikoa aberasten lagunduko dute» nabarmendu du partzuergoak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!