Joan den larunbatean, goizeko 09:00etan, eman zitzaion hasiera Goizutrail lasterketari. Bero haundiari egin zioten aurre partehartzaile eta ikusleek. Aurreko urteetan bezalaxe, korrikalariek hiru modalitatetan parte hartzeko aukera izan zuten: bata, luzea, 25 kilometrokoa; bestea, motza, 10,6 kilometrokoa; eta azkena, 25 kilometrokoa, erreleboka egitekoa. Azken kasu horretan, lehenengo parte-hartzaileak 10 kilometro egin zituen eta bigarrenak, berriz, 15 kilometro.
Lasterketa plazan hasi zen, eta korrikalariek Eneko Elorri aldera jo behar izan zuten, lehenik. Ondoren, Aitasemegi auzora igo ziren xenda estu batetik eta, lau kilometrotan, xenda eta pistetatik 680 metrotara dagoen Eneko Elorriko bizkarrera igo ziren. Handik bueltan, herrira jaitsi ziren Espideko sorotik, eta Plazan bukatu zuten, ibilbide laburra hautatu zutenek. Binaka aritu zirenek, berriz, erreleboa eman behar zioten lagunari, eta Mandoegirako (1.045 metro) bidea hartu. Jaitsiera egin ostean, plazan amaitu zuten ibilbidea.
Hauexek izan ziren azkarrenak, hiru modalitatetan: Joseba Larralde eta Itxaro Zabaleta, 25 kilometrokoan; Eki Imaz eta Guratz Azpiroz, 10 kilometrokoan; Olatz Zabala eta Ion Alzuri, 25 kilometrokoan, erreleboka. Hodei Lujanbio goizuetarrak, podiuma egin zuen lasterketan, joan den igandean Ereñotzun garaipena lortu ostean. Bigarren heldu zen helmugara, 25 km-koan.
Bero haundia izan zen
Goiz eguzkitsua, bero haundikoa, pasa behar izan zuten korrikalariek. Termometroa 30 gradutara iritsi zen, eta beroari aurre egiten laguntzeko asmoz, lasterketan zehar edateko eta jateko puntuak ere ezarri zituzten. Gainera, helmugara iristen ari ziren korrikalariak mangera baten busti zituzten herritarrek, gorputza freskatzeko.