Bere aurreneko finalaz gozatu ezinik, 22-12 galdu du Iker Salaberria goizuetarrak

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 22a, 00:00
Ez zuen bere partidurik onena jokatu Iker Salaberriak, atzo.

Ez zuen bere maila onena eman Salaberriak, eta nagusi izan zen Jon Alberdi azpeitiarra, hasieratik tarte haundia eginda markagailuan.

Egun berezia zen atzokoa, Iker Salaberria goizuetarrarentzat eta herriko pelotazaleentzat. Baina festa ez zen borobila izan Labriten, eta ez zuen gozatu Salaberriak, profesionaletan jokatu duen aurreneko finala: 22-12 galdu zuen Jon Alberdiren kontra, Promozioko Buruz Burukoan.

Ez zuen bere mailarik onena eman goizuetarrak, eta hasieratik izan zen nagusi azpeitiarra, markagailuan tarte haundia eginda: 7-0 aurreratu zen, hasi eta berehala, tanto luze eta gogorrak jokatu arren. Lortu zuen bolada txarra etetea Salaberriak, eta 7-3koarekin, bazirudien parekatu egingo zela partidua. Baina aldea haunditu zuen berriro Alberdik, 15-4 jartzeraino. Orduan egin zituen bost tanto segidan goizuetarrak (15-9), eta baita azpeitiarra urduritu ere; baina ezin izan zion min gehiago egin. Sakearekin asmatu ezinik eta tantoa egiteko aukeretan kamuts, ihes egin zioten finalak eta txapelak Salaberriari, bukaerara arte lehiatu arren, eta bukaerara arte herriko zaleen babesa eta animo oihuak lagun izan arren.

 

Herriartekoan, emaitza onak

Herriarteko Txapelketan, bestalde, emaitza onak lortu dituzte asteburuan, orain arte. Eskuz, Hernani final laurdenetara sailkatu da, joanekoan bezala hiru partiduak irabazita bueltakoan ere, Aretxabaletari: Xuban Iturbe eta Oier Azpeitia kadeteek 22-3, Julen Deskarga eta Jon Jara jubenilek 22-4, eta Xabier Apaolaza eta Josu Altuna nagusiek 22-6. Palaz, berriz, 2-1 irabazi zuen final laurdenetako joanekoa Hernanik, Tolosaren kontra. Mikel Manterolak 20-18 irabazi zuen buruz buru, alde haundiarekin hasi ondoren. Binaka, 18-20 galdu zuten Jon Belokik eta Alain Agirrek, oso partidu lehiatua eta gogorra. Eta banaka zazpi barruan, ondo gailendu zen Ander Arandia (20-13).

Astigarragak, berriz, gaur jo­katuko du palako final laurdenetako joanekoa, Andoainen, goi­zeko 10:00etan hasita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!