Goizutrail jokatuko da gaurkoan, bi distantzia eta hiru modalitaterekin

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 21a, 00:00
Maialen Apezetxea, herriko emakumezko lehen sailkatua, ibilbide motzean, 2019ko Goizutrail-en.

09:00etan abiatuta, probak izanen dira 25 kilometroko ibilbide luzea; 10,6 kilometroko ibilbide laburra; eta 25 kilometrokoa erreleboka. 

Asteburu berezia izanen da oraingoa, goizuetarrentzat eta Urumea bailarako korrikalarientzat. Izan ere, Goizutrail lasterketaren zazpigarren edizioa jokatuko da gaurkoan, Goizuetan. Joan den igandean, Ereñotzuko Mendi Lasterketa izan zen, giro paregabearekin, eta festa izan zen auzoan. 125 korrikalarik amaitu zuten proba, eta Hodei Lujanbio eta Nerea Amilibia nagusitu ziren gizonezkoen zein emakumezkoen kategorian. 

 

Plazatik abiatuko da lasterketa

Aurreko urteetan bezala, korrikalariek hiru modalitate izanen dituzte aukeran: bata, luzea, 25 kilometrokoa; bestea, motza, 10,6 kilometrokoa; eta, azkena, 25 kilometrokoa erreleboka egitekoa. Azken kasu honetan, lehenengo parte-hartzaileak 10 kilometro egin beharko ditu eta bigarrenak, berriz, 15 kilometro. 

Kirolari guztiak 09:00etan abiatuko dira elkarrekin, Plazatik, Eneko Elorri aldera. Aitasemegi auzora igoko dira xenda estu batetik eta, lau kilometrotan, xenda eta pistetatik 680 metrotara dagoen Eneko Elorriko bizkarrera igoko dira. Handik bueltan, herrira jaitsiko dira Espideko sorotik, eta Plazan bukatuko dute lasterketa ibilbide laburrekoek. Binaka ari direnek, aldiz, erreleboa emanen diote lagunari, eta haiekin batera jarraituko dute aurrera ibilbide luzekoek, Mandoegira (1.045 metro) bidean. Igoera osatuta, plazara jaitsiko dira, ibilbidea bertan amaitzeko. 

Antolatzaileek aurreratu dutenez, ibilbidea behar bezala markatua egonen da eta, gainera, bertan edateko eta jateko puntuak ere izanen dira. Horrez gain, inskripzioarekin batera, parte-hartzaile guztiek istripu aseguru bat izanen dute.

Joan den igandean Ereñotzun garaipena lortuta, gaurkoan ere lehenengo postuan amaitzeko hautagaietako bat da Hodei Lujanbio goizuetarra. Etxean arituko da oraingo honetan, proba luzean, eta bikain ari denez, lasterketa irabazteko aukera duela aurreikusten da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!