«6-7 urte genituenean ezagutu ginen Artikutzan eta badakigu elkarri nola jokatu»

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 21a, 00:00

Iker Salaberriak Promozioko txapel nagusia nahi du bururatu gaur.

Iker Salaberria goizuetarrak gaur bere lehenengo finala izanen du, 17:00etan Labriten, profesional mailan. Buruz Buruko Promozioko txapela egonen da jokoan Jon Alberdi azpeitiarraren aurka. San Agustinetan ezagutu zirenetik askotan aritu dira bata bestearen aurka.

Iker Salaberria goizuetarrak, 22 urterekin, profesionaletara iritsi zenetik lehenengo finala jokatuko du gaur, 17:00etan hasiko den jaialdian, Labriten, Jon Alberdi azpeitiarraren aurka. Promozioko Buruz Buruko finala izanen da. Afizionatuetan gutxi jokatu omen zuen modalitate honetan, baina finalean da.

 

Zure lehenengo finala da profesional mailan. Nola aurkitzen zara?

Ongi eta gogotsu nago. Profesionaletan final batera iristea ez da erraza. Finala iristeko gogo haundiak dauzkat. Profesionaletara jauzi egin nuenetik hirugarren aldia da Buruz Burukoan jokatzen dudala eta aurreko bietan finalerdietara iritsi nintzen. Arteagak 2019an eta Peio Etxeberriak 2020an irabazi zidaten. ez dut beste batzuen motorrik, baina ongi ikusten nuen nire burua entrenamenduetan. Zer edo zer polita egin nezakeela ikusten nuen nire buruan. Fermin Escudero botileroak buruz buru ongi errendituko nuela esaten zidan.

 

Binakakoan ligaxka ona egin eta gero finalerdietan kanpoan geratu zinen. Gainera azken partidutik finalerdietarakora denbora pasa zen. Orain ere zain egon zara. Horrek ba al du eraginik? 

Pilotariak beti nahi izaten du jokatu partidua. Azkenean dagoena da eta onartu egin behar izaten da. Buruari bueltaka hasten bazara okerrago izaten da. Azken asteetan entrenamenduetan oso ongi aurkitu naiz eta horrekin gelditzen naiz. Ea gaur ondo irteten den dena.

 

Egin duzu entrenamendu seriorik?

Partidua azken unean geratu zen bertan-behera. Mentalizatuta negoen jokatuko nuela. Pena, baina ez zegoen nire esku. Jokin Etxanizekin hitz egin nuen berehala eta finala prestatzen hasi ginen. Bi egun entrenatu naiz Labriten. Aurreko asteko ostegunean Etxanizekin bakarrik entrenatzen ibili nintzen eta aste honetan, asteartean, Victorrekin. Azken entrenamendu bat ere egin dut eskuak berotzeko eta listo gaurko finalerako.

 

Nolako finala espero duzu Labriten?

Frontoia ona da, nahiz eta gero agian finala galdu. Gustora jokatzen dut Labriten. Niretzako Zumaiakoa baino egokiagoa izan daitekeelakoan nago. Txikitatik jokatu izan dut bertan partidu asko eta orain lehenengo finala ere bertan izango da. Frontoi ona eta noblea da eta alde horretatik ez dago kexarik. Zaila izango da bat edo bestea apurtzea. Nire lehenengo finala izango da eta ea nola erantzuten dudan. Detaileek erabakiko dute. Dena ezin da esan, baina nire jokoa egin behar dut eta aurrean tantoa amaitu. Buruz buru denez atzera ere jo beharko dut. Teoria hori da, baina gero praktikan jarri behar da eta hori da zailena.

 

Jon Alberdiren aurka Zumaian galdu zenuen. Aurkari gogorra da, baina ikasgai bezala ere balioko zizun Zumaiakoak.

Partidu guztietatik ikasten da. Partidu horretan gauza asko ongi egin nituen, baina beste batzuk ez. 22-16, 9-15 irabazten joan eta gero. Orain gutxi izan da eta erreferentzi bezala balio dezake. Berdintasun haundia izan zen. Abantaila hartu arren, jokoan ez nintzen gehiago. Jonek gehiago asmatu zuen amaieran sakearekin eta peloteoan. Partidu gogorra izan zen. Mano manoan gauzak ongi egiten ez badira galtzea tokatzen da gehienetan. Bi tantotan ez nuen asmatu, sakea hartu zuen eta partidua irabazi zuen. Hasieratik bukaerara arte, gauzak ongi egin beharko ditut. 

 

Hiru partidu jokatu dituzu. Nola aurkitu zara?

Elordi, Alberdi bera eta Zubizarreta II.aren aurka jokatu dut. Hasiera batean, Elordiren aurkakoa zen zailena. Sake eta errematean oso ongi moldatu nintzen egun horretan. Garrantzitsua izan zen.

 

Gustora aukeratutako pilotekin?

Bai. Frontisetik asko irteten ez diren lau aukeratu nituen eta lurrean gehiago ateratzen direnak.

 

Biak 1999an jaiotakoak zarete. Behin baino gehiagotan jokatu duzue elkarren aurka. Gainera aspaldi ezagutu omen zineten, pilotan hasi aurretik.

Artikutzako jaian ezagutzu genuen elkar, San Agustinetan. Goizuetarrak egiten dugun bezala, Alberdi ere egun pasa joan zen. 6-7 urte genituen eta aitak antolatzen zuen pelota jaialdia. Frontoian jolasten ezagutu ginen eta telefonoak eman genizkion elkarri. Gurasoekin joan zen Azpeititik Artikutzaraino. 

 

Ordutik ez zarete geratu elkarren aurka jokatzen. Alberdik DV Torneoan ere ordezkatu omen zizun.

Bai. 2015ean. Martijarekin jokatzen nuen, Zubizarreta eta Martinezen aurka. Min hartu nuen 19 tanto eginak genituenean eta erretiratu beharrean izan nintzen. Jon zen ordezkoa eta berak amaitu zuen. Bikote ere izan gara frontoian. Bera aurrelari izan aurretik, atzelari ibiltzen zenean jokatu izan dugu bikotea osatuz. Ongi ezagutzen gara eta badakizkigu zeintzuk diren bakoitzaren indargune eta ahulguneak.

 

2019an debutatu zenuen eta Kronikan horren berri eman genuen. Gustora bi urte t'erdi hauetan egindako ibilbidearekin?

Ongi ikusten naiz eta gustora nago bai nire buruarekin eta enpresarekin. Fisikoki gero eta hobeto aurkitzen naiz eta partiduak indartsuago amaitzen ditut. Hiru kilo galdu ditut, 68-69 kilo pisatzen ditut, baina gihartsuago nago. Binakakoan zorte apur bat falta izan zait. Bi ligaxkatan, pasa den urtean, 14tik 13 partidu irabazi eta aurten 11-12 irabazi eta gero finalerdietan kanpoan geratzea izan da agian kirol arloan arantza haundiena. Orokorrean gustora nago egindako jokoarekin eta oraindik lan egiteko gogo haundiekin nago.

 

Herriaren babesa izango duzu.

Bi autobus txiki bete omen dira, 50 bat zaleturekin. Lagunak, familiakoak... sarrerak ere erosi dituzte. Alde horretatik kontentu. Gainera, finalera iristea ez da erraza, zaila da, eta ea Goizutara txapela ekartzen dugun.

 

Afaririk antolatu duzue final ondoren?

Bai. Oxeguardan izanen da. Kintoen afariak ere badira Goizuetan eta giroa izango da. Gu 50 bat pertsona elkartuko gara.

 

Aurten aita ez da botillero.

Gaizki pasatzen zuela aulkian esan zidan. Fermin Eskuderorekin harreman ona dut. Astean behin hitzegiten dugu eta proposatu nionean, jubilatuta zegoela esan zidan. Hala ere, onartu zuen. Zabaleta eta nire artean inoiz baino lan gehiago ematen diogu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!