Mus txapelketa, txupinazoa, bertso saioa eta afari berezia, Goizuetako Txino auzoko festetan

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 5a, 00:00

Etzi eguerdiko 12:00etan izanen da txupinazoa, Txino auzoko festak iragartzeko.

Bihar emango zaie hasiera Txino auzoko festei, eta larunbatean, afari baten bueltan amaituko dira jaiak. Afarirako aldez aurretik deitu behar da telefono honetara: 645 307 272. 

Bi urteko etenaldi luze baten ostean, bueltan dira Goizuetako Txino auzoko festak. Bihartik larunbatera arte, jai giroan murgilduta kolorez betetako asteburu ederra pasako dute auzotarrek. Txino auzoko festak ospatzekoak ez baziren ere, antolatzaileetako batek, aditzera eman du herensugearen sua bezala berotu zirela: «pasa den astean, erabaki genuen festak antolatu eta aurrera eramatea, bapateko erabakia izan zen. Dudetan geunden, baina berotu egin ginen, eta Txino auzoko jaiak ospatuko ditugu, gogoz». 

Bihar gaueko mus txapelketarekin emanen zaie hasiera festei, eta horretarako hitzordua 22:00etan jarri dute, Zubiondon. Etzi, txupinazoen eztandek esnatuko dute herria, eguerdiko 12:00ak aldera. Arratsaldeko 19:00etan, berriz, Unai Agirre hernaniarrak eta Xabier Legarreta aranoarrak jarritako errimek, erritmo bizian jarriko dute Txino auzoa. Jarraian, gaueko 21:00ak aldera, afari baten bueltan bilduko dira, eta afariarekin antolatutako ekitaldiak amaitutzat emanen badira ere, seguru igandera arte iraunen duela jai giroak. 

Antolatzaileek, nabarmendu dute larunbateko afarira joateko intentzioa duenak, aurrez telefono honetara deitu behar duela (645 307 272), eta  izena eman.

Herensugea izanen da urteroko protagonista, Txino auzoan.
 
Afari baten bueltan emanen dira amaitutzat Txinoko festak. 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!