Goizuetan eskainiko dute 'Urak aske' dokumentala ostiralean, Artikutzaren hustutzeari buruzkoa

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 25a, 00:00
Artikutzako urtegia, hustu aurretik, 'Urak aske' dokumentaleko irudi batean.

Arratsaldeko 18:30etan jarriko dute, udaletxeko ganbaran; eta bertan izanen da Arturo Elosegi ere, urtegia desagerrarazteak ekarriko dituen ondorioak neurtzen ari den biologia-doktorea. 

Martxoaren 10ean estreinatu zuten Urak aske dokumentala, Artikutzako urtegiaren hustutzeari buruzkoa, Donostian. Eta ostiral honetan, Goizuetan eskainiko dute, arratsaldeko 18:30etan hasita, udaletxeko ganbaran. Gainera, bertan izanen da Arturo Elosegi ere, Euskal Herriko Unibertsitateko biologian doktorea. Urtegia desagerrarazteak ekarriko dituen ondorioak neurtzen ari da, eta horren berri emanen du.

Elhuyarrek eta Pixelek egin dute dokumentala, eta Artikutzako urtegiaren hustutzea ez ezik, Normandiako Vezinsekoarena ere jasotzen du. «Urtegi batetik bi milioi metro kubiko ur hustea, desagertzeko zorian dagoen animalia txiki bat babesteko. Hori izan da Enobietako urtegia kentzeko lan egin dutenen ahalegina. Eta ametsa beteta, muturluze piriniotarrari babesleku seguru bat eman diote. Artikutzan gertatu da istorio harrigarri hori, duela mende bat Donostiak Nafarroan erositako finkan. Gaur egun, Kantauri kostaldeko baso natural onenetako bat han dago. Normandian, aldi berean, Vezinseko presa haundia kendu dute. Hura kentzeko arrazoia izokinari Sélune ibaia zabaltzea izan da. Ibaietan utzitako hormatzarrek biodibertsitateari hesia jartzen diote eta haien eraisketek etorkizunean planeta bizigarriago bat imajinatzeko aukera ematen dute. Vezinsekoa eta Enobietakoa bezalako keinu txikien (edo haundien) araberakoa izango da etorkizun hori», dio dokumentalaren aurrerapenak.

Bailarako herritar ugari, dokumentaleko lantaldean

Bego Zubiak zuzendu du dokumentala, eta Urumea bailararekin lotura duten herritar askok hartu dute parte. Miren Gojenola arduratu da zuzendaritza artistikoaz, Igor Arroyok egin du musika, Amalia Elorzak aukeratu ditu jantziak, eta lantalde artistikoaren parte izan dira Ainara Ortega, Agurtzane Intxaurraga eta Mikel Laskurain.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!