PACeko ziurtagiriak eskuragarri, udaletxean

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 21a, 00:00

Lau ardi, larre goxoan bazkatzen.

Alegazio epea bukatuta, eskatzaileen behin betiko zerrenda argitaratu du Goizuetako Udalak.

Aurreko hilabeteotan izan dute aukera goizuetarrek, herri lurretako larren aprobetxamendua egitea eskatzeko; eta onartutako­ek, dagoeneko eskuragarri daukate PACeko (Nekazal Politika Amankomuna) ziurtagiria , Goizuetako udaletxean, asteartetik. Udalak martxoaren 22an argitaratu zuen onartutako eskatzaileen behin behineko zerrenda, eta alegazioak aurkezteko epea igarota, behin betiko zerrenda argitaratu du. Udaletxeko tabloiean dago ikusgai.

Behin behineko zerrenda argitaratzearekin batera, Udalak azaldu zuen 1.548,47 hektareakoak direla Goizuetak PAC egiteko eskaini ditzakeen herri lurrak, eta aldiz, 1.557,26 hektareakoa zela eskaeren kopuru totala. Hortaz, ezin izan dituzte eskaera guztiak ase, 8,79 hektarea falta zirelako.

 

Udal bulegoa, udaletxeko bigarren solairuan

Bestalde, Udalak jakinarazi du, aurrerantzean udaletxeko bigarren solairuan egonen dela udal bulegoa, denboraldi batez. Izan ere, mantentze lanak egiten ari dira udaletxean, eta behin behineko kokaleku berri bat eman behar izan diote bulegoari.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!