Aldabe eta Apezetxeak 35-29 gainditu zituzten Loitegi eta Zaldua I Berria Erremonte Txapelketaren finalean, eta beraz, txapela jantzi dute bi nafarrek. Partidu gogor eta berdindu batean gorriak beti joan ziren aurretik eta merezimendu osoz eraman zuten garaipena. Aldaberen partida izan zen gakoa. Txapelketako erremontistarik onena izan da eta finalean ere bere nagusitasuna erakutsi zuen. Gainera, Apezetxea goizuetarrak ederki lagundu zuen. Lau partidu jokatu ditu profesionaletan eta laurak irabazi ditu. Horrek txapela lortzera eraman du.
Aldabe erasokorrago aritu zen eta horri esker bideratu zuten finala. Loitegirekin alderatuta tanto bikoitzak egin zituen. Loitegi eta Zaldua saiatu ziren, baina ezin izan zuten txapela irabazi. Partidua berdinduta hasi zen. Bizia eta polita izan zen hasieratik bukaerara. Bosna eta seina berdindu eta gero gorriak aldegin ziren markagailuan 14-6. Hala ere, urdinek erreakzionatu eta 18na berdindu zuten. Lehia gogorra zen eta 23nako berdinketa eta gero, gorriek berriz ere, ihes egin zuten, 29-23. Sei tantoko abantaila hori erabakiorra izan zen. Sei tantoko aldea mantentzea lortu zuten: 32-26, 34-28 eta 35-29.
Aldabek 20 tanto eta bost akats egin zituen eta Loitegik berriz bederatzi tanto eta bost akats. Loitegi jokaldiak eta tantoak eginez hasi zen, baina pixkana itzaltzen joan zen. Aldaberi asko lagundu zion Apezetxeak eta denetarik egin zuen. Erasoan eta defentsan ongi aritu zen.
Atzelarien borrokan Zalduak oso ongi jokatu zuen, baina Apezetxeak ez zuen hutsik egiten. Sakearekin biak ere zazpina tanto egin zituzten eta akatsetan ere pareko zenbakia izan zuten, bakarra.