Bigarrenez ospatuko dute Garagardo Festa Umore Onan, Goittikiri laguntzeko

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 7a, 00:00

2019an egin zen lehenengo Garagardo Festa, Umore-Ona elkartean

Goittiki Haurtzaindegiaren alde ospatuko dute, apirilaren 30ean. Txartelak salgai daude, Motzane tabernan eta Amaia kafetegian. 

Zehaztu dute, dagoeneko, Goi­tti­ki Haurtzaindegiaren alde Goizuetako II. Garagardo Festa ospatzeko eguna. Apirilaren 30ean izanen da, hileko azkeneko larunbatean. Aurreratu dutenez, aurtengoan, joan den urtean baino 20 herritar gehiagorentzat egonen da afariaz gozatzeko aukera; zehazki, 100 lagunentzako aforoa prestatu dute. Umore Ona elkartean eginen da afaria, 21:30etan hasita, eta txartelak salgai daude Amaia kafetegian eta Motzane tabernan. Apirilaren 26a da txartelak eskuratzeko azken eguna. 

Garagardo zalea den herritar talde batek antolatu du festa, eta Umore Ona elkarteak babestuta, gogotsu ekin zioten antolakuntzari, duela aste batzuk. 

Prestatu dituzten txartelek bi prezio dituzte: bata 22 eurokoa da, eta bestea, berriz, 13 eurokoa. Bietan dagoen menua garagardo festetako tipikoa izanen da. Izan ere, dastatu ahal izanen dute entsalada, txekor saiheskia, saltxitxak, patata purea, postrea, kafea eta kopa. Soilik menua nahi dutenek, 13 euro ordaindu beharko dute. Menuaz gain bost garagardo dastatzeko aukera hautatzen dutenek, aldiz, gehixeago ordaindu beharko dute, 22 euro.

Garagardoa gustuko ez dutenentzat, antolatzaileek nabarmendu dute sagardoa eta ardoa edateko aukera ere egonen dela. 

Afarian, gainera, musikaz go­­­zatzeko beta egonen dela aurreratu dute. Hain zuzen, Ainhoa Zabaletak jarriko dio doinua II. Garagardo Festari.

 

Estreinako festa, 2019an

2019an izan zen ospakizun honen estreinaldia. Duela hiru urte, 80 txartel saldu zituzten, eta berehala agortu ziren guztiak, «jarritako epemuga baino astebete lehenago». Orduan ere, afariaz eta garagardoaz gain, musikaz ere gozatu ahal izan zuten bertaratu ziren guztiek. 

Lehenengo edizioko martxa bera jarraituta, aurtengo Garagardo Festak ere arrakasta izatea espero dute antolatzaileek. Esan bezala, bildutako diru guztia Goittiki Haurtzaindegira bideratuko da. Hori horrela, goizuetar guztiei luzatu diete bertaratzeko deia, jatekoa eta edatekoa ez ezik, giroa ere ziurtatuta egonen da eta! 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!