Astelehen honetan Nafarroako Aldizkari Ofizialean (NAO) behin betiko onartu dela jakinarazi izanak bultzada eman dio Leitzatik Hernanira doan NA-4150 errepidean bi bihurgune hobetzeari. Trazadurak profil bihurgunetsua du, eta horren ondorioz, gidariek kontu haundiz ibili behar dute tarte jakin batzuetan. Leitza eta Goizueta lotzen dituen bide nagusi hau egiteko aurreikusitako hobekuntzak, 360.518,37 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne), 4,780 eta 4,970 kilometroetan egingo dira (Goiko Zentralaren gainean). Bi bihurguneen birmoldaketak Ezkurrako herri-lurretan izango du eragina, batez ere. Zehazki, 1.796 metro koadroko azalera okupatuko da.
Goizuetako Udalak azaldu du, Goiko Zentraleko bihurguneen hobekuntzaz gain, beste hainbat mantenimendu lan egingo direla datozen asteetan.
Trazadura, 1916an
Leitza eta Goizueta arteko errepidearen trazadura 1916an eratu zen, Biuretako zubia eraiki zenean. Hormigoi armatuzko biaduktua eraikitzea –garai hartarako kalkulu sistema iraultzaile batetik abiatuta– ingeniaritzaren paradigma bihurtu zen, urte batzuk geroago mekanismo sofistikatuak martxan jarri ziren arte. Leitzarekin lotura segurua finkatzea Goizuetako tokiko agintariek behin eta berriz aldarrikatu zuten, 1904ko abuztuaren 9an, Alfontso XIII.a erregea Altsasun egon ondoren.