Goizuetako Euskara Zerbitzuak eta Goizuetako Udalak antolatuta Katarrapikaka-Ttiki lehiaketa udaletxeko Ganbaran eginen dute, 18:30etan, datorren ostiralean. Bertan, 12-15 urte arteko ikasleak izanen dira protagonistak eta Goizuetari buruzko galderak eta jolasak erantzun beharko dituzte.
Lehiaketa ikusi nahi dutenek sarrera eskuratu beharko dute Goizuetako estanko eta arropa dendan. 14 urte artekoek doan izanen dute sarrera eta 15 urtetik aurrera bi euro ordaindu beharko da sarrera. Ixiltasuna behar denez, umeek gurasoen zaintzapean egon beharko dute eta garaiz iristea aholkatzen da, behin lehiaketa hasita, atea itxi egingo da.
2017 hasi zen antolatzen helduentzako
Katarrapikaka lehiaketa helduentzat hasi zen antolatzen 2017an. Pandemiaren eraginez bertan behera geratu zen azken bi urteetan, baina aurten berriz antolatuko da eta txikienek emanen diote hasiera. Hiruko taldeak ibiliko dira aurrez aurre, Goizuetak dituen datu historiko, kultural eta bestelako bitxikeriak arakatzen.