Iker Salaberria goizuetarrak Binanako Promozio txapelketaren finalera sailkatu nahi du bihar, 22:00etatik aurrera, Ataunen. Horretarako Javier Zabala eta Oier Etxebarria gainditu beharko ditu, eta, hori lortzeko, Xabier Erostarbe urretxuarraren laguntza izanen du atzeko koadroetan.
Garaileak finalerako txartela eskuratuko du eta, bertan, Bakaikoa eta Elizegi izanen dituzte aurkari. Bikote horrek, joan den larunbatean, Victor eta Gaskue gainditu zituen 22-13.
Aurrekariak, beraien alde
Goizuetarra eta urretxuarra txapelketa oso ona ari dira jokatzen. Lehenengo fasean, 14 partiduetatik hamaika irabazi zituzten eta aurreneko postuan amaitu zuten. Finalerdietarako sailkapena zuzenean lortu zuten. Zabala eta Etxebarriaren aurka bi partidu jokatu zituzten ligan, eta biak irabazi zituzten Salaberriak eta Erostarbek. Hori bai, lehenengo partiduan, azaroan, Dariok jokatu zuen Zabalaren ordez, eta 22-18koa izan zen azken emaitza. Bigarren partidua urtarrilaren 15ean jokatu zen, Zumaian, eta 22-11 nagusitu ziren goizuetarra eta urretxuarra.