Ezin hobeto hasi du Oier Apezetxea goizuetarrak bere ibilbidea, erremontista profesional gisa: Galarretan aritu zen larunbatean, Berria Txapelketaren barruan; eta 34-35 nagusitu zen, Aldaberekin batera, Loitegiren eta Zalduaren kontra. Maila ederrean aritu zen goizuetarra: ederki moldatu zen sakearekin, seguru aritu zen, eta peloteoari ere primeran eutsi zion. Zortzi tanto lortu zituen sakez, eta beste lau jokoan; eta bi akats bakarrik egin zituen.
Festa borobila izan zen Apezetxearentzat, eta txapelketaren semifinaletara sailkatzea dauka jokoan, orain. Izan ere, lau punturekin, gertu daukate hurrengo fasera sailkatzea. Loitegi eta Zaldua, esaterako, dagoeneko sailkatu dira, sei punturekin.
Txapelketako beste partidu bat ere izan zen larunbatean, Galarretan. Horretan aritu zen Aritz Zubiri goizuetarra, baina ezin izan zuen garaipena lortu, Susperregirekin batera. Nabarmen gehiago izan ziren Goikoetxea V eta Odei, eta 35-14 nagusitu zitzaizkien. Emaitza horrekin, dagoeneko sailkatuta daude Goikoetxea V eta Odei. Eta Zubirik eta Susperregik, azkeneko partiduan jokatuko dute pasea, Urrutia IIren eta Labakaren kontra: irabazleak eginen du aurrera.