Beti dira egun haundiak Goizuetan, eta beti gozatzen dituzte ederki, Inauterietakoak. Baina aurtengoan, bi urteko itxaronaldiaren ondoren, bereziki gozatu dituzte, eta jai giroak ez du etenik izan herrian hiru egunez, igandetik asteartera. Are bereziagoak izan dira, betiko hitzordu bereziak; eta are landuagoak (posible bazen), urtero ondo baino hobeto landutako mozorroak.
Eta ospakizun borobilari bukaera emateko, gaur daukate hitzordua, Kontuen Egunarekin. Denak egonen dira ados, ziurrenik, balantzea egiterakoan: ederrak izan dira aurtengo Inauteriak. Baina festarako tarterik izanen dute gaurkoan, oraindik ere, datorren urtekoen zain geratu aurretik.
Izan ere, poteoa egiteko hitzordua jarri dute eguerdirako, 13:00etatik aurrera, Igandea txarangak girotuta. Eta ondoren, Inauterietako azkeneko otordua eginen dute Mozorroek elkarrekin, 14:30etan hasiko den bazkariarekin. Gainera, arratsaldean ere ez da girorik faltako, herriko kaleetan: berriro aterako da Igandea txaranga, 17:30etan, larunbat arratsaldea alaitzeko.
Argazki guztiak ikusgai, 'kronika.eus' webgunean
Aurtengo Inauteriek eman dutena gogora ekartzeko, egun guztietako argazki albumak ikusgai daude kronika.eus webgunean, Felix Loiarteren eskutik.