Martxan da Euskal Herriko Mus Txapelketaren 13garren edizioa, eta aurreneko fasearekin ekin diote, herriz herriko kanporaketekin. Martxoaren 13ra arte izanen dira horiek, eta Goizuetan, dagoeneko jarri dute hitzordua: larunbat honetan jokatuko dute kanporaketa, arratsaldeko 16:00etan hasita, Umore Ona elkartean.
Bikote bakoitzeko, 20 eurokoa izanen da izenematea. Kanporaketako onenek, sariak eskuratuko dituzte, eta baita hurrengo fasea jokatzeko txartela ere: Nafarroako finala. Izan ere, herri bakoitzetik sailkatzen diren bikoteek, herrialdeetako kanporaketak jokatuko dituzte, martxoaren 26an eta 27an, Euskal Herriko Txapelketaren final haundira sailkatzeko.
Aurten, Behe Nafarroan izanen da final nazionala: Baigorrin, apirilaren 9an. Herrialde bakoitzetik, hainbat bikote sailkatuko dira final horretara. Orain arte, 128 bikotek jokatu izan dute final haundia, guztira. Horietatik, 16 bikote onenek jasoko dute saria. Horrela, txapeldunek eskuratuko dute txapela, garaikurra, 3.000 euro, eta Karibera bidaia lau lagunentzat, gastu guztiak barne. Txapeldunordeek, berriz, jasoko dute garaikurra, 1.500 euro, eta Karibera bidaia bi lagunentzat, dena barne. Hirugarren sailkatzen den bikoteak 750 euro jasoko ditu, eta asteburuko egonaldia lau lagunentzat; eta laugarren bikoteak, 500 euro eta euskera ikasteko urte osorako bi matrikula. Hurrengoek ere, izango dute diru saria: 5garren eta 8garren postuen artean sailkatzen direnek, 250 euro bikoteko; eta 9garrenetik 16garrenera sailkatutakoek, 100 euro bikoteko.
Herrialdeetako finaletan ere izango dira sariak, final nazionalerako txartelaz gainera: txapelak, garaikurrak, asteburuko egonaldiak, bazkari eta afariak...
Txapelketari buruzko informazio eguneratua, ehmus.eus webgunean jarriko dute.