Bukatzear da Promozioko Binakako Txapelketaren ligaxka, eta aurreneko postuan dago Iker Salaberria goizuetarra, Xabi Erostarbe urretxuarrarekin batera, Bakaikoak eta Elizegik astelehenean galdu ondoren. Jokatutako 12 partiduetatik 10 irabazi dituzte, eta dagoeneko ziurtatuta daukate aurreneko bi postuetan bukatzea. Horrela, semifinaletara sailkatuko dira zuzenean, final laurdenak jokatu beharrik izan gabe.
Baina ligaxka bukatzeko, bi proba gogor izanen dituzte aurretik, lidertzari eusteko. Bihar arratsaldean, Zubizarretaren eta Eskirozen kontra jokatuko dute Tafallan, arratsaldeko 17:00etan hasita. Jaialdia zuzenean eskainiko du ETB1ek. Ligaxkako hirugarren sailkatuak dira Zubizarreta eta Eskiroz, eta beraz, semifinaletara begira, prestaketarako partidu ona ere izan daiteke.
Eta datorren asteburuan, Bakaikoa eta Elizegi izango dituzte aurrez aurre, ligaxkako bigarrenak. Asteburu honetako emaitzen arabera, litekeena da lidertza jokoan egotea, bi bikoteen artean; eta maila haundiko partidua izatea. Iruñeako Labriten jokatuko dute hori, otsailaren 19an, larunbatarekin, arratsaldeko 17:15etan hasita.
Behin ligaxka bukatuta, semifinaletan bueltatuko dira lehiara Salaberria eta Erostarbe, beste hiru bikoterekin.