Hilaren 10era arte izanen da mendi irteerara apuntatzeko epea

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 7a, 00:00

Iazko uztailean Lesakara egin zuten irteera Arainburu-Umore Ona mendi taldeko kideek.

Mendi irteeran parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da, Goizuetako Estankoan. Horrez gain, autoak behar direla ohartarazi dute antolatzaileek.

Arainburu-Umore Ona mendi taldeak irteera antolatu du asteburu honetarako: Goiko zentraletik abiatu eta Sasaingo errekari buelta zirkularra emanen diote. Igandean jarri dute hitzordua horretarako, goizeko 08:45etan gelditu dira Goizuetako plazan, eta bertatik abiatuko dira. Denera 6,71 kilometroko ibilbidea eginen dute, eta zailtasunari dagokionez, mendi taldekoek aditzera eman dute «erreza» dela. Itzulera eguerdiko 13:00ak aldera eginen dute. 

Arainburu-Umore Ona mendi taldeak antolatutako irteerara joateko, aldez aurretik izena eman behar da, eta otsailaren 10ean amaitzen da epea, ostegun honetan, hain justu. Izena emateko Goizuetako Estankoan egin behar da, eta antolatzaileek ohartarazi dute autoa eramateko boluntarioak behar direla, «autoa eramateko prest dagoenak izena emateko garaian 'bai' paratu behar dute». Hala bada, mendi taldeko kideak jarriko dira berarekin kontaktuan. 

Gomendioak

Azkenik, antolatzaileek nabarmendu dute bertaratzen direnek musukoa eraman beharko dutela: «segurtasun neurriak mantendu ezin diren momentuetan erabiltzeko». k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!