«Etxolla azpiko sutera gindoazela, parez pare ikusten genuen berriro Artikutzako sutea pizten»

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 8a, 00:00
Goizuetako suhiltzaile boluntarioak, Etxolla azpiko sutean kontrafuegoa egiten.

Egun gogorrak izan dituzte Goizuetako suhiltzaile boluntarioek, itxuraz nahita piztutakoak izan diren hiru sute itzaltzen.

Ez dira Gabon errazak izan, Goizuetako suhiltzaile boluntarioentzat: lau eguneko epean, hiru sute izan dira herriko lurretan: Artikutzan bi, biak gune berean, Beltzuntza mendiaren inguruan; eta Goizuetako herrigunetik gertuago bestea, Etxollaren beheko aldean.

Urte Zahar egunez izan zen aurreneko sutea: «eguerdi partean deitu zidaten SOS Nafarroatik, Artikutzan sua zegoela, Arantzarekin mugan. Lehengo neguan ere izan genuen sua toki berean. Zortzi foku zeuzkan suteak, iritsi ginenean», azaldu du Fernando Goiak, Goizuetako suhiltzaile parkeko arduradunak: «zortzi joan ginen Goizuetatik, eta Lesakako suhiltzaile boluntario batzuk ere etorri ziren, Arantzatik barrena. Artikutzako guarda eta Nafarroako basozaina ere aritu ziren gurekin. Sua itzali genuen, eta Cordovillako parkekoak geratu ziren, erretenean. 10 bat hektarea erreko ziren aurreneko sutean».

«Sekulako haizea zebilen astelehenean, eta izugarrizko abiaduran mugitzen zuen sua»

Erabat itzali zuten sute hura, baina handik hiru egunera, astelehen ilunabarrean, berriro piztu zen sua, zonalde berean: «sekulako haizea zebilen; izugarrizko abiaduran mugitzen zuen sua, kontrolik gabe. Lortu genuen hura itzaltzea, eta ordu bietan erretiratu ginen Goizuetakoak. Cordovillakoak geratu ziren erretenean berriro. Eta 05:40ak aldera, beste sutea izan zen, Etxolla azpiko aldean, herritik nahiko gertu. Behe-behe–an izan zen hori. Ordurako, erretena eginda Iruñeara bueltan ziren Cordovillakoak, eta bueltan etorri ziren laguntzera. Eta sute horretara gindoazela, parez pare ikusten genuen Artikutzakoa berriro pizten. Oronozekoak sartu ziren Artikutzakora, eta gu eta Cordovillakoak aritu ginen Goizuetakoan».


Haizeak jarritako zailtasunei, ura goraino ezin eramatearen oztopoa ere gehitu zitzaien, Artikutzako kasuan: «kamioia behean geratu zen, eta uraren motxilarekin igotzen ginen. Horrekin eta kontrafuegoak eginez itzali behar izan genuen. Eta horrek ematen du, ematen duena; sulfatadora baten tankerakoa da, presio gehiagorekin. Baina ura behar genuen, kontrafuegoekin bakarrik ez zelako nahikoa. Urtebetetzetako bromazko kandelak bezala zen; badirudi itzali duzula, baina berriro pizten da. Hori zen gure sentsazioa».

Astearte eguerdirako eman zituzten bi suteak itzalitzat, eta arratsaldeko euriak gehitu zion segurtasuna. Landaketarik ez dute harrapatu suteek, zauritutako pertsonarik ere ez da izan, eta bordarik ez da erre. Baina, dirudienez, nahita piztutakoak izan dira hiru suteak. Hori ikertzen ari dira orain.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!