«Ulergarria da baserritarrak biltzeko gune bat sortu izana, baina ez da onargarria gezurrak eta egiak erdizka esatea»

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 6a, 00:00

Goizuetako Udalak argitu nahi izan ditu baserritar taldeak adierazitako hainbat kontu, azaroaren 17an egin zuten bileraren ondoren.

Azaroaren 17an egin zuten bilera Goizuetako baserritarrek, eta horren ondoren, ohar baten bitartez eman zioten bileran landutakoaren berri, Kronikari. Horretan, Goizuetako Udalaren jardunari ere egin zioten kritika.

Eta horren aurrean, zenbait kontu argitu nahi izan ditu Udalak berak, beste ohar batekin. Udalak azaldu du, hasteko, hainbat bilera egin dituela baserritarrekin, azkeneko hilabeteetan, beraien egoera ezagutzeko; eta lantalde bat ere sortu duela, herri lurren egoera hobetzeko eta gaur egungo ordenantza eguneratzeko. Hori horrela, azaroaren 17rako baserritarrek deitu zuten bilerara joateko borondatea erakutsi zuen Udalak: «antolatzaileek adierazi ziguten, Udala ez zegoela gonbidatua, eta ulergarria ikusten dugu baserritarrek beraien artean elkartzeko gune bat sortu izana. Baina Udalarentzat onargarria ez dena da, bileraren ondoren publikatu den oharrean gezurrak eta egiak erdizka esatea».

Lehenik, honako adierazpe­nari erantzun nahi izan dio Udalak: Artikutza ondoko mendiak egoera onean jartzeko nafar gobernuak jarritako diru partida handiena (45.000 eurotik 40.000 euro) berezko eginbeharretatik des­bideratu eta Ilarbietako ehiza postuetako pista konpontzeko erabili izana tamalgarritzat jo genuen. Aipamen horri erantzunez, Goizuetako Udalak azaldu du, Artikutzako kordalean egin­go diren inbertsioak Nafar Gobernuak ordainduko dituela, «inguruko beste herrietan egin duen bezalaxe. Diru hau ehiza postuetarako pista konpontzeko erabili izana kritikatu dute baserritarrek. Baina hori ez da guztiz zuzena; izan ere, diru hau zertan erabili zehazteko, bertan azindak edukitzen dituzten abeltzainekin bilera bat egin zen, eta bertan hartu zen bi aska berri egin eta Kuxingo bordatik Ilarbitara doan pista hobetzeko erabakia; hau baita Artikutzako mugako inguru horretara dagoen pista bakarra».

Beste aipamen bati ere egin dio erreferentzia Udalak: «diote baserritarrek ekarpen haundia egiten diotela Udalari, eta honek ez duela inbertsiorik egiten baserrietan. Komeni da jakitea, baserritarrek, gainontzeko goizuetarrek bezalaxe, dituzten on­­dasunen baitako ekarpena egi­­ten dutela zerga bidez, eta Uda­­lak onura kolektiboa hartzen duela aintzat inbertsioak egi­terako garaian, eta ez norberak egiten duen ekarpena».

«Baserritarrekin elkarlanean jarraitzeko borondatea», Udalak

Edonola ere, Udalak dio ez duela «hika-mika honetan gehiago luzatzeko asmorik», eta «borondate osoa» daukala baserritarrekin elkarlanean jarraitzeko eta goizuetarren bizi baldintzak hobetzen saiatzeko. «Beraz, hemendik aurrera ere, horretarako beharrezkoak diren ahaleginak egiten jarraituko dugu», aurreratu du Udalak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!