'Txapeldun bihotza' bakarrizketa eskainiko du Ainhoa Ruizek gaur, udaletxeko ganbaran

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 5a, 00:00

Ainhoa Ruiz aktorea, 'Txapeldun bihotza' bakarrizketaren une batean.

Arratsaldeko 18:00etan izanen da, abenduko kultur agendari hasiera emateko. Beste bi ekintza izanen dira hilabete honetan: 'Gure faunari eta florari begira' liburuaren aurkezpena, eta elikadura osasuntsuari buruzko hitzaldia.

Negu hotzaren hasiera berotzeko, hiru hitzordu jarri dituzte abenduko kultur agendaren barruan, Gabonen aurretik. Gaur bertan izanen da aurrenekoa, eta umoretik joko dute, Ainhoa Ruizek eskainiko duen bakarriz­ketarekin: Txapeldun bihotza.

Goizuetako udaletxeko ganbaran izanen da saioa, arratsal­deko 18:00etan hasita, gazte eta helduentzat. Bakarrizketak aza­leratu nahi du, asko dagoela egiteko berdintasunaren aldeko bo­rrokan, eta maitasun erromantikoaren mitoak aztertuko ditu: laranja erdiarena, minarena, esklusibotasuna... Bere bi­zit­zaren ibilbidea eginen du pro­tagonistak, boxeo ring batean sartuta: «barrez eta konplizita­tez KO utziko gaitu laugarren roundean», aurreratu dute. Maite Redin da bakarrizketaren egilea eta zuzendaria, eta Ainhoa Ruizek interpretatuko du, ordubete inguruko saioan.

Datorren ostiralean izanen du bigarren hitzordua, abenduko agendak: Gure faunari eta florari begira liburuaren aurkezpena eginen dute Eñaut Agirre eta Iñaki Sanz-Azkue egileek. arratsaldeko 18:30etan izanen da, udale­txeko ganbaran hori ere. Irai­lean argitaratu zuten liburua, Doberaren eskutik, Urumea bailarako natura eta ahozko ondarea bilduta.

Eta kultur agendako hirugarren eta azken saioa, abenduaren 13an izanen da: Sukaldatu, zuk aldatu hitzaldia eskainiko du Itxaro Zabaletak, familian elikadura osasuntsua lantzeari buruz. Arratsaldeko 18:00etan izanen da, ganbaran; eta izena eman behar da aldez aurretik: Xalto eskolan, edo 948 51 07 19 telefonora deituta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!