Ohorezko euskaltzain izendatu dute Manolo Arozena, eta Kirol Merituari domina jaso du Aimar Olaizolak

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 2a, 00:00
Aimar Olaizola, Juan Carlos Unzuerekin batera, urrezko dominarekin.

Errekonozimendua jaso dute bi goizuetarrek, egun hauetan: Euskaltzaindiak ohorezko izendatu du Arozena, beste 25ekin batera; eta Nafarroako Gobernuak Olaizolaren kirol ibilbidea saritu du, urrezko domina emanda.

Bi arlo ezberdinetan, errekonozimendu bana jaso dute bi goizuetarrek, azkeneko egunotan, biek ere Iruñean. Batetik, ohorezko euskaltzain izendatu dute Manolo Arozena; eta bestetik, Kirol Meritua saritzeko urrezko domina jaso du Aimar Olaizolak.


Joan den ostiralean egin zu­en Euskaltzaindiak, bere osoko bilkura; eta bertan, izendatu zituen 19 urgazle eta 26 ohorezko berri. Ohorezko euskaltzain berrien zerrendan ageri da, nafarren artean, bailarako bat: Manolo Arozena. Euskeraren alde bertsolaritzatik egin duen lana aitortu nahi izan diote horrela, goizuetarrari. Txikitatik bertsozaletasuna etxean ezagututa, 38 urterekin egin zuen bere aurreneko plaza, 1988an, Nafarroako Txapelketan zuzenean. Finalera iritsi eta bigarren izan zen, eta berdin hurrengo urtean. 1990etik 1993ra, berriz, lau aldiz izan zen txapeldun. 


Lesakan bizi da Manolo Arozena aspalditik, eta bertako bertso eskolaren sortzaileetako bat izan zen, Nafarroan aurrenekoetakoa. Irakasle ere aritu da bertan, urtetan. Estitxu Arozena alaba, bertsolaria bera ere, Lesakako bertso eskolan irakasle da gaur egun.


Nafarroako Gobernuak, bestalde, asteartean banatu zituen Kirol Meritua saritzeko dominak, eta urrezkoa jaso zuen Aimar Olaizola esku pilotari ohiak, Juan Carlos Unzue futbolari ohiarekin batera. Goizuetarraren «kirol ibilbide bikaina eta lan askorekin lortutako garaipenak» goraipatu nahi izan dituzte horrela, eta baita «herri­tarrei helarazitako balioak» ere, bere azkeneko partidua jokatu eta aste gutxira. Maria Chivite lehendakariak nabarmendu zuen «eredu» izan dela Olaizola, eta hala izaten jarraituko duela: «aurrerantzean ere ispilu izango zara hainbat eta hainbat kirolari eta zalerentzat, denboraren joanarekin ere erreferente bat aurkituko dute zugan».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!