Feria Eguna bueltan da Goizuetan, larunbatean, bazkari herrikoirik gabe

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 24a, 00:00
2019an ospatu zen azken Feri Eguna. Argazkia: Felix Loiarte.

Egun horretarako frontoian antolatua zegoen herri bazkaria bertan behera gelditu da. Bazkarirako txartela hartu dutenei dirua itzuliko zaie erositako tokian bertan.

Larunbatean, azaroaren 27an, izanen da Feri Eguna, Goizuetan, artisau eta nekazaritza produktuekin, eta ganaduarekin, pasa den urtean bertan behera geratu eta gero Covid-aren eraginez. Goizuetako feria eguneko batzordeak jakinarazi zuenez atzo, larunbat honetako azienda feria mantenduko den arren, egun horretarako frontoian antolatua zegoen herri bazkaria bertan behera geldituko da. Bazkarirako txartela hartu dutenei dirua itzuliko zaie erositako tokian bertan.

 

Herriko 20 postu, kanpoko 36 postu eta 13 baserri

Hala ere, feria mantenduko da eta bertan 55 postutik gora jarriko dira. Herriko 20k eta herritik kanpoko 36k eman dute izena eta 13 baserritako ganadu buruak egonen dira.

10:00etan zabalduko dituzte postuak eta ordu horretatik aurrera izanen dira aziendak ikusgai. 12:30etan toka txapelketa jokatuko dute. Igandea txaranga egun guztian ariko da karrikak alaitzen.

Goizuetarrentzako oso kuttuna eta maitatua da Feria Eguna. 17garren edizioa da aurtengoa eta dena prest dago ongi irteteko, euria egin ezkero ere prestatu dituzte leku alternatiboak.  Egun osoan luzatuko da festa.

Goizeko 10:00etan hasiko da feria, eta makina bat artisau postu­rekin batera, giroa jarriko dute trikitilariek ere. Talogileak ere izanen dira, hamaiketakoa egin nahi duenarentzat; eta era­­kustaldiak eskainiko dituzte arti­­sauek, goizean zehar.

Ardi eta behorrak kaleetan barrena ikusteko aukera izanen da goizean bertan, artzainek eginen duten itzuliarekin. Eta haien ondotik, toka txapelketa antolatu da.

Desagertzekotan egon den Betizua, ferian bertan ikus­­te­ko aukera ere izanen da, Goi­zuetan.

Feriara gerturatzeko gonbi­tea lu­zatu dute antolatzaileek segurtasun neurriekin, eta baserritarrez janzteko deia ere egin dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!