«Perfektua izan da agurra; sentitzen nuen zerbait zor niola herriari, eta uste dut gehiago zor diodala orain»

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 16a, 00:00

Zahagi Dantzan parte hartu zuen Aimar Olaizolak ere. Felix Loiarteren argazki guztiak ikusgai, 'kronika.eus' webgunean.

Zientoka herritarren aurrean esan zion agur Aimar Olaizola goizuetarrak, larunbat arratsaldean, bere kirol ibilbide oparoari. Herritarren berotasuna jaso zuen bukaeran, prestatu zioten omenaldi goxoarekin.

Pilota jaialdia hasi baino askoz ere lehenago zen begibistakoa, Goizuetako kaleetan, oso berezia zela eguna. Eta Xalto eskolako frontoi berrituan bizitakoak, aurreikuspen guztiak gainditu zituen: ederra izan zen Aimar Olaizolaren azkeneko partidua, bere kirol ibilbideari agur esateko; eta sekulakoa izan zen herritarrek eskaini zioten omenaldia, ezker gantxo dotorearekin azkeneko tantoa lortu eta minutu gutxira.

Sekulako giroa izan zen har­mailetan, 800 ikusle ingurure­kin; eta pilota jaialdia baino, festa izan zen larunbat arratsaldekoa. Hala izan zen aurreneko saketik: partidua hastera zijoala, Zorionak zuri abestu zioten herritar guztiek Olaizolari, bere 42garren urtebetetzea ospatzeko.

Ordubeteko partidu ederra­ren ondoren, 21-14koarekin egin zuen bere azkeneko sakea Olaizolak, ikusle guztiak zutik txaloka zituela. Eta bere jokaldirik nabarmenenarekin, ezker gantxoarekin, eman zion bukaera, ibilbide ezin oparoagoari. 22-14 na­gusitu ziren Olaizola eta Imaz, Erik Jakaren eta Andoni Aretxabaletaren kontra; baina bigarren maila batean geratu zen emaitza, omenaldiari hasiera eman ziotenean.

Aldagelara sartu-irtena egin, eta Umore Ona pilota eskolako gaztetxoek osatu zuten pasilloaren erditik bueltatu zen Olaizola kantxara. Eta hortik aurrera, makina bat sorpresa eta opari jaso zituen goizuetarrak. Aurreskua eskaini zioten Umore Onako dantzariek eta abesbatzak, hasteko. Iturengo, Aurtizko eta Zubietako joaldunak ere azaldu ziren frontoira. Eta segidan, Zahagi Dantza eskaini zioten, Aimar bera ere dantzaren partaide eginda. Opariak iritsi ziren ondoren: makila, koadroak, plaka, lore sorta, karikatura ederra, Umore Ona elkarteko mantala, erlojua...

Goizuetar guztien izenean, Aimar zoriondu zuen Unai Miranda alkateak, bere kirol ibilbide eredugarriagatik eta erakutsitako umiltasunagatik. Eta eskerrak eman zizkion, Goizueta mundura zabaltzeagatik eta mapan kokatzeagatik; eta baita azkeneko partidua herrian jokatzea aukeratzeagatik ere.

Bertsoak kantatu zizkioten ondoren, bertaratutako guztiek elkarrekin. Hauxe horietako bat:

Ama ta aita aurrena
zure anaiak hurrena
gero senak dakarrena.
Zure talentuz liluratu da
pilotaren mundu dena
ezker gantxo ederrena
ta defentsan azkarrena
zu izan zara onena.

Eta azkenik, Olaia Anso bere emaztea eta lau seme-alabak agertu ziren kantxara, aitari txapela bereziena buruan janzteko, Gontzal Mendibilek bere abesti gustukoenetako bat eskain­tzen zion bitartean. Aimar Olaizolak berak hartu zuen hitza, bukatzeko. Esker hitzak izan zituen denentzat, eta gogoan izan zuen Josu Apezetxea laguna ere, urriaren 26an hil zena.

«Goizuetan jokatu nahi nuen azkeneko partidua, sentitzen nu­e­lako nire herriari zerbait zor niola; eta uste dut are gehiago zor diodala orain», aitortu zuen Olai­zolak. Izan ere, «perfektua» izan zen agurra: «oso arratsalde polita izan da, lagun guztiak neuzkalako ondoan. Bakarra fal­­ta zen, Josu. Eta ziur nago oso po­zik egonen litzatekeela, hau guztia ikusiko balu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!