Bertsolaritza bueltan izanen da Goizuetan, datorren ostiralean; baina ez dute ohiko bertso jaialdirik prestatu: Bertso marraztuak saio berezia eskainiko dute udaletxeko ganbaran, arratsaldeko 18:00etan hasita.
Saioa Alkaiza eta Alaia Martin ariko dira bertsotan, eta beraiekin batera, marrazkiak eginen ditu Unai Gaztelumendik.
Bhutan proiektuaren baitan, Goizuetako Udalak eta LAGA Gizarte Zerbitzuek antolatu dute saioa, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin. Horrelako saio gehiago ere eskaini ditu Lankuk, Gaztelumendi bera eta beste bi bertsolari elkartuta, eta adin guztietako ikusleei zuzendutako saioak izaten dira. Marrazkien bitartez jarriko dizkie gaiak, karikaturgileak; eta horien haritik jarriko dituzte bertsoak Alkaizak eta Martinek. Gainera, ikusleetako batzuk aukeratu, eta karikaturak eginen dizkie Gaztelumendik; eta zein marraztu dituen asmatzen saiatuko dira bertsolariak, umorez. Ordubete pasatxoko saioa izanen da.
Jakinarazi dutenez, haurrentzako zaintza zerbitzua ere eskainiko dute bertan; baina zerbitzua erabiltzeko, azaroaren 10a baino lehen abixatu beharko da: lagatratuonak@gmail.com helbide elektronikoan, edo 948 51 08 40 telefonoan. Eman beharko dira haurraren izen-abizenak eta guraso baten kontakturako telefonoa eta posta elektronikoa.