Goizean zein arratsaldean zeregina, Umore Onako atalen egunean

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 6a, 00:00

Atalen eguna Goizuetan, 2019an. Argazkia: Felix Loiarte

11:00etan, pilota partiduak izanen dira; 17:30etan, dantzariak eta abesbatza; amaitzeko, pintxoak.

Egun berezia da gaurkoa goizuetar guztientzat. Izan ere, Umore Onako atalen eguna da, eta zeregina izanen dute herritarrek goizean zein arratsaldean. Aste honetako Kronikan aurreratu moduan, ohi baino ekintza gutxiago antolatu dituzte osasun egoeraren eraginez, baina izanen da entretenitzeko eta gozatzeko beta.

Goizean ekinen diote egitarauari, 11:00etan. Pilota partiduak antolatu dituzte frontoian, eta protagonista izango dira Umore Onako pilota eskolako kideak.

Eguerdira arte luzatuko dira norgehiagokak, eta arratsaldean emanen diote jarraipena atalen egunari. Hain justu, 17:30etan izanen da hori, eta herriko plazan jarri dute hitzordua. Oraingo honetan, Umore Ona dantza taldearen txanda izanen da, abesbatzaren laguntzarekin. Aspaldiko partez, dantzan eta kantuan ariko dira herritarren aurrean.

Azkenik, eguna borobil amaitzeko, pintxoak eskainiko dituzte Xalto eskolako aterpean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!