Ospakizun eguna larunbatean, Goizuetan: Umore Onako atalen eguna izanen da

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 3a, 00:00

Umore Onako kideak kalejiran, 2018ko atalen egunean. Argazkia: Felix Loiarte

Pilota partiduak jokatuko dituzte goizean, 11:00etan hasita; eta Umore Onako dantza taldeak emanaldia eskainiko du arratsaldeko 17:30etan, abesbatzaren laguntzarekin. Pintxoak ere eskainiko dituzte bukaeran.

Oso egun berezia izanen da larunbatekoa, Goizuetan. Izan ere, Umore Ona elkarteko atalen egu­­na ospatuko dute, goizean zein arratsaldean. Ohi baino ekintza gutxiago antolatu dituzte aurten, bazkaririk eta dantzaldirik ez baita izanen, egungo osasun egoeraren eraginez; baina izanen da zerekin gozatu.

Frontoian jarri dute aurreneko hitzordua, goizeko 11:00etan; eta pilota partiduak jokatuko dituzte bertan. Umore Onako pi­lota eskolako kideak izanen di­ra protagonista, atalen egunari hasiera emateko.

Eguerdira arte luzatuko dira pilota partiduak, eta bazkalostean izanen du segida elkarteko atalen egunak. Arratsaldeko 17:30etan izanen da hori, herriko plazan, emanaldi berezi batekin: Umore Ona dantza taldea ariko da, abesbatzaren laguntzaz. Aspaldiko partez ariko dira dantzan eta kantuan, herritarren aurrean, pandemiak eragindako etenaldi luzearen ondotik.

Eta eguna borobiltzeko, pintxoak eskainiko dizkiete herritarrei, Xalto eskolako aterpean, emanaldia bukatutakoan.

Urtero ospatu ohi du atalen eguna, Umore Ona elkarteak; eta giro ederra sortzen da beti, herriko kale eta plazetan. Joan den urtean, ordea, ezin izan zuten egin, osasun egoerak ez zuelako horretarako aukerarik ematen. Urte bukaerako jarduera guztiak bertan behera uztea erabaki zuen orduan, Umore Ona elkarteko zuzendaritzak.

Baina aurten, osasun egoerak hobera eginda eta elkarteko atal ezberdinak berriro martxan direla ikusita, jaia berreskuratzea erabaki dute. Horregatik, normalean baino bereziagoa izanen da aurtengoa, bazkaririk eta dantzaldirik gabe ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!