Igor Elizegik hartu du kultur zinegotzi kargua

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 30a, 00:00

Kultur zinegotzi berria, Igor Elizegi.

Joan den asteartean hartu zion lekukoa Igartza Apezetxeari. Aurrerantzean, Elizegi arduratuko da kultura arloaz. 

Goizuetako Udalak duela aste batzuk iragarri zuen udal taldean zinegotzi aldaketa izanen zutela, eta asteartean izan zen aldaketa hori. Orain arte zinegotzi izan den Igartza Apezetxeak, arrazoi pertsonalak tarteko, kargua utzi eta Igor Elizegik hartu zuen bere lekukoa.  Duela bi urteko udal hauteskundeetan EH Bilduren zerrendan hurrengoa zen Elizegi.

Elizegik «gogotsu» dagoela adierazi zion TTIPI-TTAPAri:  «Udalean dagoen lan politenetarikoa izanen da kulturakoa». Herrigintza ez da kontu berria Elizegirentzat, izan ere, Gazte Asanbladan ibilitako da, eta baita Guraso Elkarteko eta Umore Onako zuzendaritzatan ere. Azkenaldian, gainera, pilota eskolan dabil hara eta ona. 
Udalak ongi etorria egin zion Elizegiri. Apezetxeari, berriz, eskerrak eman zizkion bere «ekarpenagatik eta lanagatik». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!