Ezin hobeto borobildu du mendi lasterketen denboraldia, Hodei Lujanbio goizuetarrak: Euskal Selekzioaren deia jaso zuen aurreko astean, eta Skyrace des Matheysins lasterketan aritu zen aurreneko aldiz, selekzioaren kamixeta urdinarekin.
Euskal Selekzioak emandako aukerarekin pozik eta eskertuta agertu da goizuetarra; eta aitortu du, «sekulako oparia» izan dela. Debuteko lasterketa horretan, selekziokide izan zituen Mayi Mujika, Aitor Ajuria, Ander Iñarra eta Borja Zubizarreta.
Frantziako Alpeetan izan zen hori, Saint Honoré herrixkan, Grenobletik gertu. Munduko Koparako puntuagarria zen lasterketa, 25,5 kilometrokoa, ia 2.000 metroko desnibel positiboarekin, eta oso ibilbide teknikoarekin. 57garren iritsi zen goizuetarra helmugara, eskuineko belauna odoletan zuela, erori egin zela eta. Dena den, ezer larririk ez dauka, jakinarazi duenez.
Limone Extremen, gaur
Are gehiago, azaldu du osatuta izango dela, gaur beste lasterketa bat lehiatzeko, Euskal Selekzioarekin. Italian izango da, Limone Extreme Skyrace lasterketan, Garda lakuaren ondoan hasita. 27 kilometroko ibilbidea izango du aurretik, 2.600 metroko desnibel positiboarekin. Taldekide gehiago izango ditu han, dozena bat korrikalarirekin ariko baita Euskal Selekzioa.