Udalak aho batez onartu zuen, aparteko batzarrean, espetxe politikari dagokion erakunde adierazpena

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 1a, 00:00

Udalbatzak irailaren 17an hartu zuen erabakia. Aldi berean, 'ibilian ibilian' dinamikan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak.

Udalak espetxe politikari dagokion erakunde adierazpena onartu zuen aho batez, joan den irailaren 17an izandako aparteko batzarrean. Zehazki, presoen urruntzeari eta salbuespeneko espetxe politikaren gainekoa da adierazpena, eta, horren harira, hainbat zehaztapen egin dituzte.

Alde batetik, helarazi dute ez daudela ados urruntze politikarekin. Alde horretatik, ETAren indarkeriaren behin betiko etenak irekitako garai berriaren barruan, uste du espetxe-politika berri bat behar dela, hain zuzen ere presoak zigorrak gizarte- eta familia-erroak dituen lekutik urrun betetzea saihesten duen politika bat. Hortaz, Nafarroan erroldatuta dauden 29 euskal presoak Iruñeko espetxera lekualdatzeko eskatzen dute.

Beste alde batetik, «legeak jasotzen duen moduan», graduen progresiorako aukera ahalbidetzea eskatu du Udalak, «euskal presoek dagokien etxerako ibilbidea garatu dezaten».

Horrez gain, udalbatzak bat egin du Sare Herritarrak egingo duen ibilian ibilian etxerako bidean ekimenarekin, irailaren 29tik urriaren 2ra arte.

Eta, azkenik, aurrekoarekin batera, atzo Urroz eta Beintza arteko 5 kilometroko bidea egitera gonbidatu zituzten goizuetarrak.

 

«%33 besterik ez, EAEko eta Nafarroako espetxeetan»

Madrildik hegoalderako espetxeetan euskal presorik ez dagoela jakinarazi dute, baina, hala ere, Udalak salatu du soilik %33a bakarrik dagoela EAEko eta Nafarroako kartzeletan. «Horietatik, egun 29 euskal preso daude erroldatuta Nafarroan, eta 4 baino ez daude Iruñeko espetxean. Guztira, 28 daude bigarren graduan eta bakarra, hirugarrenean».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!