Ikastaro eskaintza zabala aurkeztu du Udalak, aurtengo ikasturterako

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 21a, 00:00

Jumpfiteko entrenamenduak izanen dituzte aukeran, aurtengo ikastaroetan.

Datorren asteartea da izena emateko azken eguna: udaletxean edo, bestela, telefonoz, 948 51 40 06.

Irailean sartzearekin batera, aurtengo ikasturterako ikastaro eskaintza zabala aurkeztu du Udalak. Denera, bost ikastaro izanen dira aukeran: pilates, jumpfit, entrenamendu funtzionala eta body combat, adinekoentzako jarduera fisikoa, eta eskulanak. Apuntatzeko azken eguna irailaren 28a da, datorren asteartea. Izena emateko, udaletxera bertaratu daiteke edo, bestela, telefonoz ere badago izena emateko aukera: 948 51 40 06.

 

Bi saio izanen dituzte, ia ikastaro guztiek

Urritik ekaina bitartean izanen dira ikastaroak, bakoitzak bere ordutegia izanen du eta saio guztiak astelehenetik ostiralera bitartean emanen dira. Horrekin batera, ikastaro guztiak (eskulanak izan ezik) bi entrenamendukoak izanen dira.

Pilateseko, jumpfiteko eta entrenamendu funtzionala zein body combateko entrenamenduak asteartetan eta ostegunetan eginen dituzte, dantzen lokalean. Pilates  (195 euro) 17:00etatik 18:00etara; jumpfit (236 euro) 18:00etatik 19:00etara; eta body combat zein entrenamendu funtzionala (195 euro), berriz, 19:00etatik 20:00etara.

Adinekoentzako jarduera fisikoa (177 euro), astelehenetan eta ostiraletan izanen da, goizeko 09:30etatik 10:30etara, dantzen lokalean. Eta, azkenik, eskulanak (265 euro) ostiraletan landuko dituzte, Tifanitxon, 16:00etatik 19:00etara.

 

Zenbait ohar, kontutan hartzeko

Taldea ateratzeko, gutxienez 8 pertsona apuntatu behar dira; gehiago izanez gero, ikastaroa merkeagoa izanen da. Horrekin batera, 12 pertsonako taldeak izanen dira, gehienez. Gainera, Goizuetan erroldatua daudenek lehentasuna izanen dute esleipen prozesuan. Informazio gehiagorako: www.goizueta.eus.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!