Aimar Olaizolak txapel batekin esango du agur

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 21a, 00:00
Aimar Olaizola, berriz garaile.

Goizuetarrak Zabaletarekin batera irabazi du Caixabank Masterreko finala.

Aimar Olaizolak eta Jose Javier Zabaletak 22 eta 10 irabazi zieten Danel Elezkano eta Jon Mariezkurrenari, igandean, Gasteizko Ogeta pelotalekuan jokatu zen Caixabank Masterreko finalean.

Olaizolaren omenezko partidua izan zen hau ere. 41 urterekin, azken final bat jokatzeko aukera izan du, pelota profesionaletik erretiratzea erabaki ondoren. Goizuetakoak azaroaren 13an jokatuko du azken partidua, bere jaioterriko frontoian. Honela, Aimarrek bere profesional ibilbidea txapela batekin amaituko du, eta agian ez da azkena izango. Ostiralean San Mateoko feriko torneoa hasiko du, Mariezkurrenarekin bikotea osatuz.  Ondoren, azaroaren 2an Atanon ariko da, urriaren 10ean Bilbon, urriaren 23an Iruñean, urriaren 31n Gasteizen, eta azkena Goizuetakoa izango da.

Finalari dagokionez, egungo bi atzelari onenen arteko lehia ikusi zen. Zabaleta Mariezkurrena baino gehiago izan zen, eta ikuskizun itzela eman zuen. Seina berdindu arren, hortik aurrera jaun eta jabe izan ziren gorriak.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!