«Aspalditik neukan garbi, Goizuetan jokatu nahi nuela nire kirol ibilbideko azkeneko partidua»

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 18a, 00:00
Aimar Olaizola, bere agurra iragartzeko prentsa agerraldian. Argazkia: Baiko

Profesionaletan 26 final jokatu eta 16 txapela jantzi ondoren, bere erretiroa iragarri du Aimar Olaizola goizuetarrak. Azaroaren 13an jokatuko du azkeneko partidua, bere 42garren urtebetetze egunean, Goizuetako frontoian.

Oso berezia izanen da azaroaren 13a, Goizuetan eta goizuetarrentzat. Eta ez bertakoentzat bakarrik: pilota munduarentzat oro har. Izan ere, egun horretan jokatuko du bere kirol ibilbideko azkeneko partidua Aimar Olaizolak, eta bere herrian esango dio agur, Goizuetan, ia 24 urteko ibilbideari. Hala iragarri zuen Olaizolak berak, asteazkenean prentsaurrean egin zuen agerraldian, Bilboko Bizkaia frontoian: «enpresarekin hitz egin­da, erabaki dugu iritsi dela mo­mentua nire kirol ibilbideari bukaera emateko, nahiz eta pixka bat kosta egiten zaidan».

Goizuetarrak onartu zuen, ez dela erabaki erraza izan, bere erretiroari data jartzekoa: «ez da momentu erraza niretzat, urte pila bat baitaramazkit pilotan jokatzen. Buruan neukan aspalditxo, baina ez nekien noiz hartu erabakia. Inoiz ez dakizu noiz den momentu egokiena horretarako, baina niretzat une polita da oraingoa, Binakako Masterreko finalera sailkatuta, eta 42 urte betetzear».

Hain justu, bere 42garren urtebetetzearen egunean jokatuko du azkeneko partidu hori, «kasualitatez». Kasualitatea izanen ez dena, bere azkeneko plaza da: «aspalditik neukan garbi, posible bazen behintzat, nire herrian jokatu nahi nuela, Goizuetan, nire kirol ibilbideko azkeneko partidua. Enpresari berehala esan nion hori, eta ez zidaten inolako arazorik jarri horretarako», azaldu du Olaizolak: «bost urte nituenetik jokatu nuen bertan, eta eskerrak eman nahi dizkiet herritarrei, nire ibilbide­an zehar erakutsi didaten babesagatik».

Goizuetarrei bezala, Olaizolak eskerrak eman nahi izan dizkie bere gurasoei, emazteari, bere bi enpresak izan direnei (Aspe eta Baiko/Asegarce), Iñigo Simon, Mi­kel Sanchez eta Itxaso Sanchez medikuei, Bixente Artola masajistari, zaleei eta kazetariei.

 

«Historiako pilotari onenetakoa da, eta XXI. mendeko onena»

Jose Ramon Garai Baikoko zuzendariarekin egin zuen agerraldia goizuetarrak; eta Garaik nabarmendu zuen, «historiako pilotari onenetakoa eta XXI. mendeko onena» dela Olaizola, eta pilota «haundiago» egin duela: «ez da kasualitatea txapeldun haundia izatea. Xehetasun guztiak zaintzen ditu, eta eguneko 24 orduetan da profesionala. Ez dio inoiz egin uko esfortzuari, une txarrei aurre egiten jakin du, eta beti izan du publikoarekiko errespetua».

Horrela lortu du Aimar Olaizolak, profesionaletan, txapelketa nagusietako 24 final jokatzeko sailkatzea, eta horietatik 16tan txapela janztea: lau aldiz izan da Buruz Buruko txapeldun (2005, 2007, 2012 eta 2013), zazpi aldiz Lau t'erdiko txapeldun (2002, 2004, 2005, 2008, 2011, 2012 eta 2013), eta hiru aldiz Bina­kakoan (2008, 2011 eta 2016).

Bere azkeneko partiduan, An­­der Imaz oiartzuarra izanen du lagun, eta Erik Jaka eta Andoni Aretxabaleta aurrez aurre.

Hori baino lehen, Binakako Masterraren finala jokatuko du bihar, 17:00etan Gasteizko Ogeta frontoian: Zabaletarekin ariko da, Elezkano IIren eta Mariezku­rrena IIren kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!