Nafarroako Atletismo Federazioak Navartrail 2021 antolatu zuen, eta izugarrizko arrakasta izan zuten egin ziren bost lasterketek. Hodei Lujanbio protagonista izan zen azken hiru lasterketetan, lehena egin baitzuen, eta lortutako puntuazioarekin, Navartraileko kopa irabazi zuen. Hodei pozez lehertzen dago, izan ere, Navatrail irabazita, datorren urtean Nafarroako selekzioarekin parte hartzeko aukera izango du:
«bost lasterketa horietan lehenengo lasterketan laugarren gelditu nintzen, bigarrenean bigarren, eta azken hiru lasterketetan lehenengo postua lortu nuen. Azken hiru lasterketak irabazita, aurtengo Navartrail kopa irabazi dut, eta horrekin lortu dut datorren urtean, 2022an Nafarroako selekzioarekin Espainiako Txapelketara joatea. Lorpen haundia da niretzat. Hortaz gain, emaitza onak edukitzen ari nintzela ikusita, aurten ere deitu didate eta egon naiz Nafarroako Federazioarekin Kanariar uharteetan, aurtengo Espainiako Txapelketako lasterketan, hori abuztuaren 7an izan zen, La Palman. 150 etik, 21garrena gelditu nintzen eta oso gustura gainera. Ez da izugarrizko garaipena baina Espainiako Txapelketa potente bat zen, eta 21garrena gelditzea niretzat ederra izan zen. Maila haundia zegoen, selekzioetako jendea zegoen batik bat».
Urte hasieran hainbat helburu ezarri zizkion bere buruari goizuetar korrikalariak; «Navartrail oso garrantzitsua izan da, urte hasieran lasterketa asko ez zeudela ikusita, urte honetako helburua hori hartu nuen, Navartraileko bost lasterketak egitea, hauek martxotik abuztura izan dira. Urtea horrekin osatzeko asmoa nuen, entrenatu, helburu finko batzuk lortzeko eta aurrera begira helburuak jartzeak motibatzeko ere balio izan dit. Gainera, Navartrailen irabaziz gero, saria datorren urtean selekzioarekin joatea zela ikusi nuen eta hau beste arrazoi pisutsu bat izan zen Navartrailen parte hartzeko. Azkenean Navartraileko kopa irabazi dut eta aurtengo helburua bete dudala esan dezaket».
'Navartrail'eko irabazlea, goizuetarra
Hodei nafartarra izanik, Navartrail irabazteak «kutsu» berezi bat duela aipatu du; «egia da ilusioa egiten duela. Orain arte lasterketa gehienak Gipuzkoa aldetik egin ditut eta aurten Nafarroako lasterketan parte hartzea ederra izan da. Aukera gustatu zitzaidan eta horri heldu nion».
Navartrailen irabaziz gero, sari potoloa jasoko zuen irabazleak: datorren denboraldian Nafarroako selekzioarekin Espainiako Txapelketan aritzea, eta Hodeiek hor jarri zuen jomuga: «pentsatu nuen ondo ateraz gero, haiekin parte hartzea esperientzia ederra izango zela niretzat, eta azkenean begira, irabazi egin dut eta aipatu moduan helburua bete dut».
Lasterketa aurretik, urduritasuna nabaria da, batez ere, lasterketa hasi baino ordu batzuk lehenago. Hodeik dio, lasterketako irteera ematen duten momentu hori dela beretzat urduriena; «baina behin hasita tentsioan zoaz eta urduritasunak ahaztu egiten dira».
Hala ere, gorabehera asko izaten dira lasterketetan; «batzuetan indartsuegi hasten zara indar askorekin zaudelako, eta gero indarra apurka-apurka amaituz doa eta nahi edo ez nahi, hor erritmoa lasaitu behar da gorputzak amaierara arte eusteko». Hodeik dio, amaierarako beti uzten duela indar minimo bat, azken sprinta botatzeko nolabait; «gorde duzun indarra ateratzen saiatzen zara, honela azken kilometroetan indarrak gastatu ditzakezu. Azken kilometroetan, badakizu lasterketa bukatzera doala, eta hor dena ematen duzu. Amaitzeko momentuan pozak hartzen du gorputz osoa eta oso sentsazio ederra izaten da. Gainera emaitzak laguntzen badizu, askoz hobeto. Alde horretatik, egia esan, azken kilometroa nahiko erraz egiten da, nahiz eta nekatuta egon».
Goizuetarra bere kabuz ibiltzen da entrenatzen, ez du entrenatzaile partikularrik. Korrikalariak azaldu du, planing bat egiten duela, eta egunaren araberako entrenamenduak egiten dituela; «batzuetan egoerak entrenamenduak aldatzen dizkit, demagun pentsatzen dudala mendira joatea korrika egitera. Euria egiten badu, edo nik neuk gogorik ez badut, beste zerbait egiten dut, bizikleta estatikoarekin jartzen naiz adibidez, eta mendiko entrenamendua datorren egunerako uzten dut. Gogoa eta eguraldiak eragina dute, horren arabera asko bariatzen dira entrenamenduak». Hori bai, argi utzi du goizuetarrak entrenatu gabe ez dela gelditzen, astean sei bat egun entrenatzen dituela azpimarratu du: «nahiz eta gogorik ez izan, gauza bat ez bada, bestea entrenatzen dut. Oso entrenamendu ezberdinak daude, eta ez duzu guztietan berdina ematen. Mendira zoazenean normalean gehiago estutzen zara, eta gorputzak gehiago sufritzen du. Aldiz garajean gelditzen banaiz bizikleta estatikoarekin, beste entrenamendu lasaiago bat da. Denetik tartekatzen dut entrenatzeko».
Lana eta afizioa, uztartuz
Hodeik zortzi orduko lanaldia egin ostean, tartea hartzen du astean sei egunetan entrenatzera joateko eta dio ondo uztartzen dituela; «arratsaldetan nahiko goiz amaitzen dut lana eta horrek entrenatzeko tartea uzten dit. Negua denean arratsaldeak motzak izaten dira, iluntasuna lehenago dator, eta honelako egunetan mendira ez naiz joaten. Baina ondo moldatzen naiz lanarekin eta entrenamenduekin». Aste egunetan entrenatzeaz gain, goizuetarrak asteburuak libre izan ohi ditu, eta askotan entrenatzeko aprobetxatzen du; «mendira joateko entrenatzera edo dena delakoa egiteko».
Azken urte hau izan da Hodei Lujanbioren urterik onena; «hasi nintzenetik lasterketetan parte hartzen, ikusi dut hobetzen joan naizela urterik urtera. Pasa den urtea eta aurrekoa onak izan ziren baina urte hau izan da niretzat lorpen haundiena lortu dudana. Navartrail irabazita eta selekzioarekin joango naizela ikusita, urte ederra izan da». Hala ere, ez da urte honetako lorpen bakarra izan, Tolosako mendi maratoiean eta Euskal Herriko Ultra txapelketetan ere parte hartu baitu; «Tolosako mendi maratoiean laugarren postuan gelditu nintzen. Maila ona zegoen eta emaitza oso ona izan zen niretzat. Beste lasterketa bat, Basque ultra trail series Euskal Herriko Ultra Txapelketa izan zen. Guztira 75 kilometro ziren eta bigarren postua lortu nuen. Oso gustura aurten lortu ditudan emaitzekin, onak izan dira».
Eskuartean orain, Hodei Lujanbiok
Momentu honetan, entrenatzen hasi da berriro Hodei Lujanbio, izan ere, Kanariar uharteetan egindako lasterketa ostean, hiru bat asteko atsedena hartu du, baina indarberrituta berriro hasi da entrenatzen; «iraila eta urrira aldera baditut lasterketa batzuk buruan: Axeri Trail, Urdazubiko kontrabandistena… Eta urrian joango naiz Espainiako Txapelketara. Gure klubeko batzuk animatu gara eta Malagan izango da lasterketa. Aurtengo Espainiako bigarren txapelketa izango dut; bat selekzioarekin eta beste hau klubarekin. Beraz hau izango da gertuko helburu bat: lasterketa horretan parte hartu eta emaitza ona lortzea posible bada, ezin hobeto. Urriko lasterketa urteko azkena izango da. Urte amaieran deskantsatu egingo dut, eta datorren urterako planifikazioarekin hasiko naiz».