Udalaren erabakiz, aurten bi txandatan ordainduko da uraren tasa

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 29a, 00:00

Aldaketak emango dira uraren tasa kobratzerakoan.

Orain arte ez bezala, lehenengo ordainketa uztailean izanen da eta bigarrena, aldiz, irailean edo urrian. 

Udalak jakinarazi du aurten, aldaketak emango direla uraren tasa kobratzerakoan. Izan ere, orain arte, herritarrek txanda bakarrean egin dute ordainketa; aurten, aldiz, bitan egingo dute. Lehenik, uraren horniduraren tasa ordainduko dute uztailean; eta, ondoren, irailean edo urrian, saneamenduaren tasa helduko da.

«Izan ere, orain arte dena batera kobratu izan bada ere, bi kontzeptu desberdin dira eta  bakoitza erakunde batek kudeatzen du», azaldu dute. Hain justu, uraren hornidura, uztailean kobratutakoa, Udalaren eskumena da. Saneamendua, berriz, NILSA enpresa publikoak kudeatzen du aspaldiko urteetan. «Tasa hori Udalak goizuetarrei kobratzen dien arren, bitartekari lana besterik ez du egiten», zehaztu du Udalak.
Bi kontzeptu horiek errazago desberdintzeko eta aurrera begira uraren horniduran egongo diren aldaketak aurreikusita, Udalak erabaki du aurten etxeko eta saneamenduko tasa bi txandatan kobratzea.

Horren haritik, komeni da gogoratzea, aurten, etxeko tasa 5 euro igotzea erabaki zuela Udalak; eta, ondorioz, urteko 55 euro izanen dela. Bestalde, esan bezala, saneamenduaren tasa NILSAk ezartzen du eta, gutxi gorabehera, urtean, etxe bakoitzeko, 110 euro inguru ordaintzen dira.

Hori horrela, herritarrek tasa bat gehiago ordainduko duten arren, osotara, kopuru berdintsua izanen da

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!