Goizuetako ur kontsumoaren datuak kezkagarriak direla eta, azken urteetan sarea hobetu nahian aritu da Goizuetako Udala. Ur deposituetatik 309.000 litro ateratzen dira egunero, eta horietatik 75.000 bakarrik kontsumitzen dira. Gainerakoa bidean galtzen da «ur-ihesak direlako», azaldu dute.
Egoera larri honi irtenbidea emate aldera, eta horrez gain, Nafarroako Gobernuak ezarritako 2027rako helburuak betetzeko, ekintza plana burutu eta abian jarri dute. Eunate ingeniaritzak hornidura sarearen ekoauditoria bat eginen du, sarearen egoera zein den jakiteko eta ezarritako helburuak betetzeko zer egin behar den aztertzeko.
Azaldu dutenaren arabera, 5.808 euroko aurrekontua izanen dute burutuko diren lan hauek. Eta azaldu dute, gutxi gorabehera, azaro hasierarako amaituko dituztela.
Uraren presioa erregulatzeko, instalazio berria
Aipatutakoaz gain, Goizuetako Udalak erabaki du uraren presioa erregulatzeko instalazio bat jartzea Goizuetako Txino auzoan «sarean dabilen ura kontrolatu ahal izateko». Lan hau Apezetxea Anaiek egingo dute abuztuan, eta aurrekontua 18.475,42 eurokoa da