Udako kultur agendaren barruan, bertso saioa izanen da bihar, ikastolako tabernan: Bertso txiki infernu haundi. Oraingo honetan, Maialen Lujanbio eta Jon Maia bertsolariak izanen dira protagonistak, eta arratsaldeko 19:00etan ekinen diote saioari. Gai jartzaile lanetan, berriz, Unai Elizasu arituko da.
Uda honetarako aurkeztutako programazioaren azken ekintza izanen da biharkoa, eta antolatzaileek aurreratu dute ez dela sarrerarik erosi behar aurretik. Beraz, aforoa bete arte izanen dituzte ateak zabalik. Ate irekiera, hain justu, 18:30etan izanen da, ekitaldia baino ordu erdi lehenago.
Goizuetako txokoei buruz arituko dira bertsotan
Bertso saio berezia izanen dela ziurtatu dute antolatzaileek. Izan ere, oraingo honetan saioak formatu ezberdina izanen du. Goizuetako txokoen irudiak proiektatuko dituzte, eta bertsolariek horiek izanen dituzte hizpide. Aurretik bereziki bertso saio honetarako bereziki grabatutako irudiak dira; eta bertsoak entzuteaz gain, herritar guztiek ikusi ahal izanen dituzte bihar.
Amabirjin festen daten atarian izanen da bertso saioa, baina festarik ez da ospatuko aurtengoan ere. Egungo osasun egoera medio, ez antolatzea erabaki du Jai Batzordeak, eta bestelako ekintzarik ere ez da izanen egun horietan. Horren ordez, udan zehar antolatu dituzte kultur ekintzak, eta horren bueltan izanen da biharko bertso saioa.
Orain arteko ekintzek arrakasta izan dute, herritar ugari bertaratu baitira antolatutako jarduera guztietara. Hilaren 1ean, Tio Teronen Semeak taldearen Festamentua ikuskizuna izan zen eskolako patioan. Hileta bat izan zen emanaldiaren muina, eta dantza eta umorea uztartu zituzten. Amaitutakoan, txalo zaparrada jaso zuten protagonistek, emanaldi borobila izan baitzen igande arratsaldekoa. Hori ez ezik, ur txirrista ere antolatu zuten uztailean, herritar guztiak elkartu eta arratsalde dibertigarria bizitzeko aukera eskaini ziena.