Espainiako Txapelketa lehiatzeko hautatu zuen Hodei Lujanbio, Nafarroako selekzioak; eta ondo baino hobeto erantzun du mendi korrikalari goizuetarrak: 21garren bukatu zuen lasterketa, Kanariar Irletan, El Pason.
2:41:06 denboran osatu zuen Lujanbiok, Reventon El Paso lasterketaren ibilbide azkarra. 32 kilometro ziren, 1.500 metro inguruko desnibel positiboarekin; baina hemengoetatik oso ezberdinak diren baldintzetan: oso lur lehorra zuten, bolkanikoa, eta hezetasun haundia izan zuten proban zehar. Arratsaldez jokatu zuten, gainera. Oztopoak oztopo, ordea, lasterketa bikaina egin zuen goizuetarrak.
Bere lan onarekin, gainera, ahalbidetu zuen Nafarroa zazpigarren postuan sailkatzea, selekzioen artean. Selekzio bakoitzeko hiru onenen denborak hartu zituzten kontuan, eta hirugarren nafarra izan zen Lujanbio, Jesus Mari Alegriaren (16garren, 2:36:42) eta Alvaro Ramosen (17garren, 2:37:20) atzetik.