Pilon Trailen nagusituta, Nafarroako Kopa irabazi du Hodei Lujanbiok

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 4a, 00:00

Hodei Lujanbio, '1' dortsalarekin, Pilon Trail lasterketaren hasieran.

Mendi lasterketen Espainiako Txapelketa lehiatuko du asteburu honetan, Kanarietako Reventon El Pason.

Lider iritsi zen Hodei Lujanbio goizuetarra, Navartrail Kopako azkeneko probara. Eta ezin hobeto borobildu zituen lanak, Faltzeseko Pilon Trail lasterketan: garaipena lortu zuen bertan ere, eta horrekin, Nafarroako Kopa irabazi du Lujanbiok.

1:10:55 denboran osatu zuen 16 kilometroko ibil­bidea goizuetarrak, eta minutu pasatxoko aldea izan zuen helmugan, Aitor Blanco bigarren sailkatuarekin (1:12:17). Arkaitz Galindez izan zen hirugarren, ia bost minutura (1:15:27). Proba berean aritu zen Jokin Uzkudun hernaniarra ere, eta 20garren sailkatu zen, 1:22:34 denborarekin.

9 kilometroko proban, berriz, Julen Gaztañaga hernaniarrak hartu zuen parte, eta maila ederrean aritu zen bera ere: seigarren sailkatu zen, 45:33 denborarekin. Xabier Chavarren izan zen nagusi (40:44).

Nafarroako Kopa irabazita ere, ez du atsedenik hartuko goizuetarrak, eta zita garran­tzitsua dauka asteburu ho­netan: Reventon El Paso lasterketan ariko da, Nafarroako se­lekzioarekin, Kanariar Irle­tan. Mendi lasterketen Espainiako Txapelketa egon­­go da jokoan bertan, ibilbide oso gogorrarekin: 32 kilometro, eta 2.679 metroko desnibel posi­ti­boa. Zuzenean eskainiko dute proba, LaLigaSportsTV plataforman.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!