Ur-txirristan behera gaur, goizuetarrak

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 24a, 00:00

14:30etan hasita, hiru orduz izanen dute aukera, Goiko Itturritik Klaudioren etxera paratuko duten txirristaz gozatzeko.

Astebete beranduago, baina izanen dute aukera goizuetarrek, azkenean, ur-txirristaz gozatzeko. Gaur paratuko dute, arratsaldeko 14:30etan (ordu erdi aurreratu dute), eta hiru orduz ibiliko dira herritarrak txirrista erraldoian behera, 17:30ak arte.

Goiko Itturritik Klaudioren etxera dijoan bide zatian paratuko dute txirrista, eta haur, gazte zein heldu animatu dituzte, txirristatik jaitsi eta ondo pasatzera. Flotadorerik ez da eraman beharko, bertan daudenak erabiliko baitituzte.

Ur txirrista dela eta, ibilgailuentzat itxita egongo da Goiko Itturritik Klaudioren etxera doan bidea, zortzi orduz: eguerdiko 12:00etatik arratsaldeko 20:00etara. Oinez pasatzeko aukera izanen da, hori bai.

Gaurko ekintza frexkoarekin emango diote hasiera goizuetarrek, udarako programazio bereziari. Izan ere, bertan behera geratu ziren aurreko biak, osasun egoeragatik: Umore Ona abesbatzaren emanaldia, eta Karmen egunaren bezperako ospakizuna. Arrazoi beragatik atzeratu zu­ten ur-txirrista ere, baina gaurkoan izanen dute gozagarri.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!