Nafarroako Auzitegiko Lehen Atalak 7 urte eta 6 hilabeteko kartzela-zigorra ezarri dio Jesus Maria L.E. Goizuetako bizilagun bati, hilketa saiakera delitu batengatik. Izan ere, gizon baten buruan jo zuen perdigoi kartutxo batekin, eskopeta batekin tiro eginda. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Arlo Zibil eta Penaleko Salan errekurritu daitekeen epaian, lehen sekzioko magistratuek uste dute «halabehar hutsak» biktima hiltzea eragotzi zuela. Akusatua espetxean dago 2020ko apiriletik.
Akusatuak adierazi zuenez, «airera tiro» egin zuen, biktima beldurtu nahi zuelako. Biktimaren esanetan ordea, perdigoiak «hiltzera» bideratu zituen eta oraindik 15 perdigoi ditu buruan.
Espetxe zigorraz gain, Auzitegiak komunikatzeko eta hurbiltzeko debekua ezarri dio, 300 metro baino gutxiagora, 7 urte eta 6 hilabetez. Halaber, 770 euroko kalte-ordaina emanen dio biktimari, aldi baterako bizi-kalitate moderatua galdu duen egunengatik, bai eta 9.000 euro gehiago ere, eragindako kalte moralagatik.