Trikidantzek goizuetarrak gozaraziko ditu 'Bizitzaz Goxatu' diskoko kantuekin

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 19a, 00:00

Trikidantz taldeko bost partaideak Goizuetan izanen dira gaur.

Gaur eskolako frontoian kontzertua eskainiko du talde nafarrak 19:00etatik aurrera eta udako kultur ekitaldiak jarriko dira martxan. Esan dutenez, sorpresa bat ere egonen da.

Trikidantz taldearen emanaldiak irekiko du udako denboraldia gaur Goizuetan 19:00etatik aurrera. Eskolako frontoian paratutako estenatokian emango dute kontzertua, eta emanaldian sorpresaren bat izanen dela aurreratu dute.

Iturenen sortutako taldeak, Bizitzaz goxatu bere azken diskoko abestiak plazaratuko ditu goizuetarren gozamenerako.  2021a bukatu aurretik kaleratu zuten diskoa eta 2020 oparoa izan behar zuen urtean bi kontzertu baino ez zituzten eskaini.

Trikidantz talde nafarra Arkaitz Mindegia, Mikel Fagoaga, Leire Onsalo, Odei Berrade eta Eneko San Sebastian musikariek osatzen dute. Aurtitz, Baztan eta Iruñeko bost musikarik ilusioz gainezka ekin zioten 2020 urteari, eta prest zeuden, martxoan, grabazio estudioan sartzeko, lehen diskoa elkarrekin egiteko. Trikidantzen lehenengo diskoa, taldea ez zuten oraingo bost kideek osatzen. Pandemiak bertan behera utzi zituen hasierako nahiak. «60 jarduera izatetik 2 baino ez izatera igaro ginen», aipatzen du Mikel Fagoagak.

Konfinamendua oso gogorra izan zen, baina diskoa sortzeko ilusioa eta gogoa gero eta haundiagoak ziren, beraz, lanean jarraitu zuten eta udan, azkenean, grabatu ahal izan zuten. Musiikki estudioetan izan zen. Luzaroan itxaron eta ahalegin haundia egin ondoren, Bizitzaz goxatu diskoak forma hartu zuen. Aldi berean, diskoa finantzatzeko, Trikidantzek crowdfunding bat jarri zuen martxan itsulapikoa.eus atarian, eta abuztuaren amaierarako 6.000 euro baino gehiago bildu zituzten euren musikak argia ikus zezan. Diskoarekin batera, kamisetak, metxeroak, poltsak eta beste merchandising produktu batzuk ere ekoitzi zituzten.

Taldearen ibilbide luze eta arrakastatsuan «inflexio puntua» izatea espero dute. Horretarako, hainbat bertsolariren laguntza estimagarria izan dute, indar eta sakontasun haundiko letrak osatu baitizkiete, musika alai eta erritmo bizikoak, diskoa entzuten duen jende guztiaren gozagarri.

 

Kontzertuak hasi dira, pasa den urtean bi bakarrik eskaini eta gero

Behin diskoak urrian argia ikusi eta gero kontzertuak goranzko joera hartu dute. Honela Aoizen, Tafallan, Lesakan, Burlatan, Iruritan, Durangon, Donezteben... besteak beste entzun dituzte Trikidantzen doinuak eta gaur Goizuetan entzuteko aukera izanen da. 

Aukera izan dute eta izanen dute, publikoaren berotasuna sentitzeko, jendeak kantu berriak entzutean dituen sentsazioak jasotzeko, eta, beraz, pandemiak lapurtutako une horiek guztiak berreskuratzen ari dira pixkanaka. «Sentsazio desberdina da, izan ditugun emanaldietan publikoa eserita dagoelako, distantzia mantenduz eta maskarak jarrita, baina diskoa gustukoa dela nabaritzen da», esaten du Arkaitz Mindegiak harro.

Orain, pixkanaka-pixkanaka, diskoa dastatu nahi dute, zuzenean aurkezten jarraitu, emanaldi gehiagorekin, plazez berriro gozatzeko itxaropenarekin, duela hilabete batzuk Trikidantz taldearen musikarekin dardarka zeuden plaza horiek. Azken batean, musikarekin gozatzen jarraitzea eta jendeak eta jendea gozatzea. 

 

'Herri bat gara' kantua, Baztanen gertatu zen uholdeen aurrean herriak emandako erantzuna

«Bizitzaz eta bizitzarekin gozatu behar dugula erakutsi digu pandemiak, Bizitzaz goxatu». Diskoari irekiera Herri bat gara kantuak ematen dio eta gazia gozo bilakatzen saiatu dira Trikidantzekoak. Baztanen 2014. urtean izan ziren uholdeen aurrean herriak emandako erantzuna goraipatu nahi izan dute. Kajoian, giltzapean zuten kantua eta behin triskantza hura pasa eta gero jendeak erakutsi zuen indarra nolakoa izan zen gogorarazi nahi izan dute kantuari hautsa kendu eta diskoan sartuz. «Auzolanak duen garrantzia sekulakoa da herri txikietan», dio Arkaitz Mindegiak.

Trikidantz taldekoek herri txikietan sekulako harrera jasotzen dute: «Urte asko daramagun tokietan herritar bat gehiago bezala hartzen gaituzte Bakaiku, Zurukuain edota Agoitzen, gerturatzen garenerero herritar bezala hartzen gaituzte eta pandemiarekin ere harremanak estua izaten jarraitzen du».

Kontzertuak ordu t'erdiko inguruko iraupena izanen du. «Egia da abantailak dituela kontzertu laburrak eskaintzeak, ordu eta erdi jo, goiz itzuli etxera eta hori guztia. Baina, gaueko ordu txikietan, kalimotxoa gora, muxu bat albora… faltan botatzen dudan zerbait da, parrandazalea naizelako ere izango da akaso». Leire Onsalok ere nostalgiaz gogoratu du plazako giroa: «Bizitzaz goxatu hori ere bada, parranda giroa sortzea ere asko gustatzen zaigulako. Jendeak zeinen ongi pasatzen duen zurekin ikusteak poza ematen du eta gure oholtza gaineko festa ere sortzen da hori gertatzen denean; eta, hara eta hona gabiltzan arren, disfrutatu egiten dugu musika joz eta jendearekin egonaz».

Estilo asko jorratu dituzte diskoan, plaza talde batean ohikoa denez. Garai batean Trikidantzek Operación Triunfoko abestiren bat edota Las Ketchup taldearen Aserejé jo izan zituen. Fandangoak eta arin-arinak ezin zuten hutsik egin diskoan eta biak jarraian jarri dituzte, «ikasi dugun bezala eta ohitura mantenduz. Arin-arin bat soltean ere ez da jotzen sekula. Eta plazan presentzia haundia dute fandangoak eta arin-arinak».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!