Hilabete gogorrak izan dira azkenengoak, baina pixkanaka bagoaz argi pixka bat ikusten. Hori dela ta, Goizuetako Udalak eta herriko hainbat eragilek, udako hilabeteetarako programazio ederra prestatu dute.
Azken hilabeteetako kultur ekintzetan argi ikusi da goizuetarrak kultura gogoz daudela. Segurtasun neurriak zorrotz betez, behin baino gehiagotan bete baitute Ganbarako aretoa. Udan ere, ildo berean segitzea espero da, eta horregatik, mota desberdinetako ekitaldiak burutuko dira ekainetik abuzturako tartean.
Ekainaren 19an Trikidantz taldearen emanaldiak irekiko du udako denboraldia. Eskolako frontoian paratutako estenatokian emango dute kontzertua, eta emanaldian sorpresaren bat izanen dela aurreratu dute. Sarrerak 5 euroan egonen dira salgai Estankoan eta Amaia kafetegian (bi motatako txartelak izanen dira, eserlekuetan edo gradetan esertzekoak) eta sarrerekin ateratako dirua Goittiki Haur Txokoarentzat bideratuko da. Eskuragarri daude dagoeneko.
Azoka, Karmen bezpera, ur txirristra, 'Tio Teronen semeak' eta bertso saioa
Ekainaren 27an, igandea, Mendialdeko Azoka Ibiltaria izanen dute herrian. Bertan eskualdeko produktuen postuak jarriko dira, eta azaroan izandako arrakasta ikusita, seguru egun ederra aterako dela honetan ere.
Uztailerako bi ekintza proposatu dira. Lehenegoa herrian sustraituta dagoen Karmen bezpera izanen da, ohiko afari herrikoia eta suak izanen direlarik iluntzeko protagonista. Bi egun beranduago, uztailaren 17an, herriko ttikienek (eta ez hain ttikiek) gozatzeko parada izanen dute, ur txirrista erraldoi bat paratuko baita herrian arratsaldeko 15:00-19:00 bitartean.
Abuztuari hasiera emateko, abuztuak 1an, Tio Teronen semeak dantza taldeak alaituko du eguerdiko tartea, eta abuztuaren 13an bertso emanaldi berezia izanen da, Maialen Lujanbio eta Jon Maiak herriko kontuak astinduko baitituzte Bertso txiki, infernu handi saioan.
Adin eta gustu guztietarako ekitaldiak izanen dira, beraz, uda honetan Goizuetan. Orain arte bezala elkar zainduz, segurtasun guziarekin eta errespetuz, uda honetan loratu gaitezen. Ekitaldiei buruzko informazio zehaztuagoa aurretik jakinaraziko dira www.goizueta.eus orrian.